Poparen erregea berpiztuko dute Kursaalen
Michael Jacksoni eskainitako Forever King Of Pop ikuskizuna Kursaalen.
Michael Jacksoni eskainitako ikuskizuna, ‘Forever King of Pop’, izango da ikusgai otsailaren 25etik 27ra
Abuztuan, Bilbon, estreinatu zuten ‘Forever King of Pop’ ikuskizuna, eta harrez gero, 300.000 ikusle erakarri ditu jada Michael Jacksoni eskainitako musikalak. Donostian lau emanaldi egingo dituzte, otsailaren 25a eta 27a bitartean. ‘Billie Jean’, ‘Beat It’, ‘Bad’, ‘Abc’, ‘I Want You Back’… Jacko-ren ibilbideko abesti ezagunenak entzun ahal izango dituzte zaleek. Bideo ikusgarrienetako dantzak ere ez dira faltako, ‘Smooth Criminal’ edota ‘Thriller’, besteak beste.
Gospel abeslariak, dantzariak, su artifizialak, efektu bereziak… Michael Jacksonen espiritua berpiztuko duen ikuskizuna izango dela diote antolatzaileek. Artistaren bizitzari buruzko obra ez dela azaldu du Jesus Sanz-Sebastianek, zuzendari artistikoak, «haren abestien bidez egindako omenaldia da. Familiaren oniritzia lortu duen bakarra da, gainera».
Artistaren hiru ordezko izango dira eszenatokian. Michael Jackson dantza imitatuko du Fran Jacksonek. Donostian atzo egindako aurkezpenean izan zen imitatzaile valentziarra. 1996. urtetik Espainiako ordezko ofizialtzat jotzen dute. Beste batek, Manpuelek, haren ahotsa interpretatuko du, eta hirugarrenak, 9 urteko mutiko batek, Poparen erregea Jackson 5-eko kide izandako garaira eramango ditu ikusleak. Non. Kursaal Auditorioa. Noiz. Otsailaren 25ean, ostirala, 21:00etan; 26an, larunbata, 17:00etan eta 21:00etan; eta 27an, igandea, 20:00etan. Sarrerak. 25, 30, 36 eta 40 euro.