Bere lekuan jarri zituzten, atzo goizean, plastiko txuriz estalitako lau egitura. (Argazkia: X. Etxabe)
Gero eta hurbilago dago, alkandora izerditu gabe, etxera arrapala mekaniko gainean iristeko eguna. Garabiak Lizardi kalea hartu du eta gelditu gabe ari dira langileak egiturak kamiotik atera eta bere lekuan kokatzen. Ostegunerako egitura guztiak jarrita izango dituztela kalkulatu dute. Lizardiko aldapa arinduko duten arrapala eta eskailera mekanikoek hamabi egitura izango dituzte, denera. Atzo, dagoeneko, lau jarri zituzten.
Maria Auxiliadora ikastetxeko ikasle eta irakasleak nahiz Lizardi kaleko bazterretan bizi diren 562 etxebizitzeko intxaurrondotarrak irrikatan egongo dira udaberri aldean arrapala mekanikoak noiz estreinatuko. Bizilagun hauen artean, gainera, 1.453 lagunek 61 eta 81 urte bitartean dute, eta asper-asper eginda egongo dira jada 33,05 metroko malda duen aldapa igotzeaz.
2,6 milioi euro
Zubiaurren eraikitzen ari diren Renfeko tren geltokitik Zarategiraino (EuskoTreneko geltokira jaisteko sarbidea izango du gertu) iritsiko den arrapala eta eskailera mekaniko sorta honetarako 2,6 milioi euro inbertitu dituzte. Eusko Jaurlaritzak, gainera, 900.000 euroko laguntza emango du.