Eusko Jaurlaritzak sustatutako gazteentzako apartamentuak (Argazkia: Xabier Etxabe)
Eusko Jaurlaritzak sustatu duen gazteentzako lehen apartamentu sorta bihartik aurrera hasiko dira betetzen, orduan banatuko dizkietelako maizterrei Intxaurrondoko etxe hauetako giltzak. Maizterrak, baina, 2005etik ari dira zain, orduan egin zutelako 125 apartamentu hauek banatzeko zozketa. Hori dela eta, garai hartan gazte ziren askok ez lituzkete orain bost urterako diren etxebizitza hauetan sartzeko baldintzak beteko.
Mari Paz Larrumbide Etxebizitza sailburuordeak, dena den, ez dio atzerapen honi garrantzi handirik eman. «Eusko Jaurlaritzan bi urte daramatzagu lanean eta apartamentuoi bultzada ematea izan da lehentasuna», adierazi du sailburuordeak. Aurretik, Mari Paz Larrumbideren lekuan zegoen Javier Madrazo sailburuak, berriz, lanak 2006ko lehen lauhilekoan hasiko zirela agindu zuen, hortaz, Baratzategi eta Galizia pasealekuen artean dauden 125 bizilekuok bi urteren ondoren prest egon zitezkeeela pentsa zitekeen.
Aurreikuspenek askotan kale egiten duten arren, Mari Paz Larrumbidek azaldu bezala, «nire seme-alabaren batek halako etxebizitzarik lortuko balu, jauzika hasiko litzateke». Saltoka, beharrezkoak diren tresnez hornitutako etxeongatik 243 euroko alokairua ordaindu behar direlako. Logela, egongela, bainugela eta sukalderako lekua antolatzearekin batera, sukaldean eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren tresna elektrikoak jarri dituzte. Horrekin batera, gazteok elkar ezagutzeko eremuak izango dituzte. Terraza zabalaz gain, korridoreak ere patxadaz hitz egiten egoteko gune bihur daitezke.
Erosotasunaz gain, ingurumena zaintzea lehentasun duten etxeak dira. Besteak beste, lur azpiko energiari etekina ateratzeko sistema dute-eta. Ura berotzeko nahiz etxea epeltzeko sistema zentralak, ez du kalefakzio tramankuluren behar, hortaz, etxea atontzeko traba gutxiago izango dute maizterrek.
425 apartamentu
Intxaurrondoko 125 apartamentu hauekin, erakunde publikoek Euskal Autonomi Erkidegoan, denera, 425 apartamentu sustatu dituztela azpimarratu du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak, «guztiak Donostian».
Jaurlaritzak formula hau beste udalerri batzuetara zabaltzeko asmoa du, denera, 3.500 apartamentu sortuko dituztela adierazi du sailburuordeak. Larrumbidek, gainera, alokairuaren aldeko apustua egingo dutela jakinarazi du. Hala, hurrengo lau urteetan eraikiko diren babes publikoko etxebizitzen %40 alokairuan banatzeko erronka finkatu du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak.
Marrutxipi
Udalak, bien bitartean, duela zortzi urte abian jarritako gazteentzako apartamentuen sistemarekin lanean jarraituko du. Jada, bost promozio abian direla esan du Letamendiak, hiru adinekoentzat eta bi gazteentzat. Azken bi hauetan bost urteko epea gainditu denez, maizter aldaketa egon dela azaldu du.
Aurki, Udalak Marrutxipiko apartamentuak inauguratuko dituela iragarri du Jorge Letamendiak, halaber. 106 apartamentu dira: 62 gazteentzat eta 44 adinekoentzat.