2011ko aurrekontuak Udalbatzaren babesa du
2011ko udal aurrekontuak aurrera egiteko beharrezkoa den Udalbatzaren babesa jaso du. 390 milioi euroko diru-poltsa da. Inbertsioen atalen 95 milioi euro bideratu dituzte, iaz baino %11 gutxiago. Susana Garcia Chueca Ogasun zinegotziak xehetu duenez, autobus geltokia, babestutako etxebizitza eta Tabakalera izango inbertsio nagusiak. Onartu berri duten aurrekontuak, era berean, San Telmo, Intxaurrondoko kultur etxe eta kiroldegia, Ikus-entzunezkoen Gunea, Garberako suhiltzaileen parkea, Rozaneseko etxea eta Kontxako kirol egokituaren gunea zabaltzea ahalbidetuko du.
Oposizioak mila zuzenketatik gora aurkeztu ditu, hamar besterik ez ditu Udal Gobernuak onartu. EAk eta Hamaikabatek, gainera, bi osoko zuzenketa aurkeztu dituzte, Udal Gobernuak eta PPk atzera bota dituzte, ordea.
Oposizioko alderdiek gastu arrunta murrizteko saiakera handirik ez egitea, udal taldeen arteko partaidetza ez sustatzea eta beste urte batez ezer berririk ez aurkeztea egotzi diote Udal Gobernuari. EAk, esaterako, hainbat erakunde publiko bateratzeko proposamena egin du; PPk, berriz, publizitate, dieta edota argindar gastuan %10eko murrizketa egitea iradoki du, aurrezten den hori etxebizitza egitasmoetara bideratzeko. Ideiok, baina, atzera bota ditu Udal Gobernuak. EAJk, bestalde, Udal Gobernuak orain arte egindako diru-sarrera aurreikuspenek -Illunbe, Iyola…- kale egin dutela kritikatu du.