Miramongo teknologia parkea Galarretara zabaldu da
Miramongo teknologia parkeari Donostiako eremua txiki geratu zaio eta Galarretan, Hernaniko lurretan, botako ditu sustraiak. 150.107 metro koadroko eremuan Orona igogailu enpresak egoitza eraikiko du, eragile publikoek (Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Oronak bost urtetan egingo duten 120 milioi euroko inbertsioaren bidez. Igogailuak, eskailera eta arrapala mekanikoak eraikitzen urteak daramatzan enpresak mila lanpostu inguru sortzeko asmoa du.
Europako nahiz nazioarteko talde handien artean gailentzea lortu duen enpresak 150.000 metro koadroko eremua izango du ikerketa lanetan sakondu eta Donostialdeko ekonomia sarea eraberritzeko. Lurzoru horretatik 60.000 metro koadro, hain justu, ikerketa, garapen, berrikuntza eta teknologiarekin lotutako ekimenak burutzeko erabiliko dituzte. Beste 40.000 metro Ikasleku Fundazioak –Oronak, Mondragon Unibertsitateak eta Ikerlanek osatzen dute– hartuko ditu. Ekimen pribatuarentzat, berriz, zortzi mila metro koadro gordeko dituzte. Eraikina 2012 urterako prest egongo dela aurreikusi dute.