"Animaliek ez dute ihes egingo, ezta?"
Funtzionatzen badu zertarako aldatu. Ibaetako jai batzordeak martxoaren lehena ospatzeko errezeta egokia du, adin guztietako jendea asetzeko osagaiekin, eta horri eutsi dio urtetan. Zerutik edo lurretik etorritako gorabeherek, aldatzen dute urtero jaia, antzeko izanda ere, berezia eginez. Baselizan mezarik ez zen izan orain urte batzuk, iaz Lizasok huts egin zuen… Atzo, aldiz, inork nahi ez zuen gonbidatuak egin zuen kale eta ez zuten faltan bota. Igarritako, ekaitz, haize eta kazkabarrik ez zen izan. Eta eskerrak. Aingeru Goardakoaren talaia ederra bezain hotza izaten baita, gainetik euria ere izateko. Baselizan meza entzun zutenek errezoekin bere aletxoa jarri zuten edo Aingeruak bisita hala eskertu zuen, auskalo.
Hilabete hasierak jaien giroa ekarri ohi du auzunera; aurten ordea, baselizaren inguruko erromeriarekin agur esan zioten ostiralean ekin zieten ospakizunei. Meza ondoren jai giroa berotzen hasteko, barrena epeltzeari ekin zioten batzuek. Zabalunean jarritako postuan, salda bero-beroa, ardo beltza nahiz sagardoa edan eta pintxoa jan ez zutenak ez ziren asko izan. Ordubeteren buruan, salda apur bat eta txorizo pintxo batzuk baino ez ziren soberan. Ez horrenbeste, baina aldapa gaineko postuan erroskilak dezente saldu zituzten, saltzaileak Athleticeko berokia soinean bazeraman ere.
Gorriti bai, basurdea ez
Trikitixa eta pandero doinuek alaituta hamaiketakoa egin ondoren, haurren gustukoen duten unea iritsi zen. Goizean, ordea, ohi baino gutxiago izan ziren Gorritiren animaliekin gozatzeko aukera izan zutenak. Jai batzordeko Txaro Irizarrek aipatu zuenez, «Ibai Ikastolako 5. mailako haurrak igo ohi dira, baina ez dira etorri. Hala ere, arratsaldean aukera berri bat izango dute». Gorritiren kamioiaren atea irekitzean, gaztetxoek bezain ongi pasatu zuten hesiaren beste aldetik begira zeuden helduek; poneyen gainean igotzeko aukerarik izan ez bazuten ere. Beldurtu zenik ere bazen. «Ez dute ihes egingo, ezta?», galdetu zioen emakume batek ondoan zuen lagunari eta «bastoia badut, baina ez korrika egiteko», gehitu zuen. Astoak eta zalditxoek ez zuten mehatxua entzun, baina ez ziren itxiturara behar baino gehiago gerturatu.
Ohi bezala, agindua entzutean kukurruku egiten duen oilarra eta bigantxak irten ziren jarraian. Iriyarenaren doinuek lagunduta, toreatzaile gisa duten abilezia erakutsi zuten Gorritik eta pare bat haurrek. Txikia izan arren, sustoren bat edo beste izan zuten gaztetxo ausartek. Ikuslegoak faltan bota zuen basurdea. Ikuskizuna hasi aurretik, Udalaren debekuaren berri eman zioten Gorritiri. Ados ez egon arren, bete egin zuen. «Injustizia da, nik animaliak maite ditut eta haurrek hauek ukitzeko eskubidea dute. Horregatik, maite naute».
Jaiaren klasikoekin jarraituz, Andoni Egaña, Sebatian Lizaso, Unai eta Beñat Gaztelumendi igo ziren oholtzara. Jendeak hesituraren atzean jarraitzen zuenez, Lizasok «animaliatik pixka bat izan arren, arriskutsuak ez gara» gogoratu zien entzuleei. Hauek jaramon gutxi egin ziotenez, xanpain botila eskaini zion hurbiltzen lehenari Egañak. Haurra zela ikusita, jai kontuetarantz jo zuten.
Igoera krosa, larunbatean
Atzo askok oinez igo zuten bide bera, korrika egin zuten larunbatean Aingeru Goardakoaren igoera krosean parte hartu zuten 55 lagunek. Irabazlea Mikel Albeniz egiatarra izan zen, 22:16 behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Errotaburuko Mamen Kapaldegi izan zen lehen emakume donostiarra, 31:37ko denborarekin. Auzoko Jon Ander Ansa izan zen lehen juniorra eta Ainhoa Larrañaga añorgatarra, lehen junior neska.