Jazint eta Xalba Ramirez atxilotu dituzte Arrangoitzen
Aurreko astean euren aurkako Euroagindua salatzeko Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdia egin zuten bi gazte donostiarrak atxilotu ditu gaur goizean, Arrangoitzen (Lapurdi), Frantziako Poliziak. Jazint eta Xalba Ramirez anaiak Baionan prentsaurreko bat ematera zihoazen atxilotuak izan direnean, eta Jean-Francois Bederede Senpereko hautetsi eta Elianne Etxeberria hautagai abertzalearekin zeuden atxiloketaren unean. Bi horiek eurak ere eramateko esan diete poliziei, eta hauek bortizki erantzun diete, armak erakutsiz
Izpuran esan zuten moduan, bizitza publikoa egiten zuten Jazint eta Xalba Ramirezek, deliturik ez dutela egin eta ezkutatzeko arrazoirik ez dutela argudiatuta. Gaurko bi atxilotuekin sei dira jada aste honetan atxilotutakoak. Astelehenean Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga atzeman zituzten. Sei horiez gain, Irati Tobarrek eta Perezek ere parte hartu zuten Izpurako itxialdian, Espainiaratzeko aginduaren aurka protesta egiteko.
Atxiloketak salatzeko, manifestaziorako deia egin du Groseko Kortxoenea Gaztetxeak. Gaur, 20:30ean, Groseko Pinares plazatik irtengo da manifestazioa eta bihar, berriz, 19:30ean, Bulebarretik.