Nazioartean aritzeko pazientzia
Nane Fitter-i eta Florian Behrend-i, beraien 15 eskola kideei bezala, asko gustatu zaizkie hiria eta donostiarrak. Joan den asteazkenean iritsi ziren, eta lerro hauek argia ikusi ordurako Alemaniara itzultzeko bidean izango dira. Usandizaga institutuko alemaniera irakasle Ibon Luperenak azaldu duenez, Cuxhaven-eko (Behe Saxonia, Alemania) eskola baten eta Amarako zentroaren arteko ikasle trukaketaren lehen fasea da hau. 16 eta 19 urte arteko gazteak ibiliko dira honi esker maletak hartuta Europako iparraldea eta Donostiaren artean. «Gu martxoan joango gara hara». Modu honetan, Eusko Jaurlaritzak babestutako ekimenak «Europako Batasuneko proiektuekin bat egingo du».
Orain arteko truke gehienak hizkuntzen alorrean murgildu eta mugatu dira. Hori dela-eta, energia berriztagarrien gaia hartu dute ardatz bi herrialdeetako ikasleen topaketarako. «Horrek zientzietako ikasleei irekitzen dizkie ateak», nabarmendu du Luperenak. Bestalde, kultura arteko egoeretan moldatzen ikasteko balio izatea espero dute arduradunek.
Ikerketa taldeetan bezala, helburu bat finkatu dute, hain zuzen ere, energia berriztagarrien inguruko aurkezpen baterako dokumentua osatzea. Horretarako, lau hizkuntzatan egin dute lan; alemaniera, euskara, gaztelera eta, batez ere, ingeleraz. «Hori gertatu zaigu komuneko hizkuntza».
Alemaniatik Usandizagara etorritako ikasle gehienak gaztelania eskolak urrian hasi ziren jasotzen eta, beraiek diotenez, ez dute «oraindik asko ikasi». Luperenak azaldu duenez, «euskara ere badagoela erakutsi nahi izan diegu. Hori dela-eta, erabaki dugu aurkezpenerako erabiltzea».
Irakaslearen aburuz, jatorri ezberdinetako pertsonek osatzen duten taldeetan hainbat gauza ikasi beharra dago. «Gaizki ulertu ugari gertatzen da hizkuntza eta kultura ezberdintasuna dela-medio. Pazientzia eduki beharra dago horrelako kulturarteko egoeretan».
Siesta, eragozpen
Fitter, Behrend eta besteek hemengo ikasleen etxeetan eman dituzte gauak. Egunak, berriz, nahiko mugituak izan dituzte, egitarau bete-betea izan dutelako. Hala ere, Behrend-ek badu kexu txiki bat. «Institututik irten eta ezer egin baino lehen hiru ordu behar genituen, bazkal ondoren siesta egiten zuelako bertako ikaskideak. Ni, berriz, oso aktiboa naiz».
Cristina Holke aietearra da, bere abizenak bestelakoa ematen duen arren. Cuxhaven-eko ikasleekin trukea egiten duen bigarren urtea du, eta guztira bosgarrena. «Etxean gainera alemana hitz egiten dugu, eta gurekin egon den ikaslea oso eroso ibili da». Hizkuntzari esker-edo, Holkek bisitariak ondo ezagutzeko aukera izan du aste honetan. «Bitxikeria gisa zera esango nuke. Batez ere, pipak eta Donostiako dendak gustatzen zaizkie, baina ez hemen dabilen haize hotza».
Hala ere, gustura ibili direla aitortu dute Fitterek eta Behrendek. Bigarrenak bereziki gustuko izan ditu hiria eta bere paisaiak. Eta bien iritzia da, «hemengo familiak ireki eta toleranteak» direla. Bestalde, Kutxagunea izan da alor didaktikoan Behrendek kuttunen aukeratu duena, nahiz eta Aquarium edota Araiako haize-errotei ere bisita egin dieten.
Programatik kanpokoa ere
Donostian izandako alemanek gogotsu begiratzen diote hilabetearen bukaerari, hemen gidari izandakoei Cuxhaveneko txokoak erakutsi ahal izateko. Hala ere, den-dena ez da egongo programan eta, hemen egin duten bezala, gaueko bizitza erakusteko gogoz egongo dira. Irribarre artean Holkek aitortu duenez, «egin behar dugun ikasketa amaierako bidaiarako dirua lortzeko festara eraman genituen alemanak». Orain, ezuste atseginen bila Europa iparraldera joan beharko dute donostiarrek.