Noizbait itzaltzeko gogoz piztu zuten ilargia
Aitzindaria izan zen Ilazki, ateak zabaltzen hiriko lehen euskaltegia izan baitzen. Gau eskoletan zebiltzanak batuta, iluntasunetik argira eraman zuten euskara, modu egituratu eta formalean irakatsiz. Hori baino gehiago izan zen hastapenetan, eskoletatik kanpo ere zabalduz hizkuntza; baina urteek aurrera egin ahala, egokitzen jakin du ikasle berrien beharretara.
Karmele Loinaz, Agurtzane Goñi eta Elena Calvillo, Ilazki Euskaltegiko kontseilu errektoreko kideak.Joseba Parron San Sebastian Ilazki hitza ilargi-ren forma arkaikoa da. Horixe aukeratu zuten duela 50 urte hiriko lehen euskaltegia izan zenaren izen. Zerrendan zeudenen artean huraxe nahiago izan zuen hamar laguneko talde sustatzaileak. Gau eskoletatik tiraka, euskarari argia eta bidea emateko sortu zuten. Xede berari eutsi dio bost hamarkadotan: herritarren euskalduntzea, baina bidean, borrokak, moduak eta baliabideak nabarmen aldatu dira.
1976ko irailaren 6an zabaldu zituen ateak, Ilazkik Idiakez kaleko 8an. Horra iristeko bidea, aldiz, bizpahiru urte lehenago urratzen hasi ziren. Horietako bat Arantxa Albisu izan zen, Iñaki Hernandez senarrarekin batera Donosti Berri elkarteak bultzatutako gau eskoletan irakasten zuen, Landetxe haurtzaindegian. Herri Irratian zebilen Iñaki Zubizarretari bururatu zitzaion indarrak batu, eta astean ordu pare bat eman beharrean, eguneko eskolak sortzea. «Bando moduko bat egin zuen irratian, gau eskoletako jendea batu eta plan bat egiteko», gogoratu du Albisuk. Hara joan zen bikotea, eta, bileran, beste auzoetako ordezkariekin batera, Landetxe haurtzaindegian «zerbait handiagoa» egitea erabaki zuten. 1975. urtea zen.
Donostiara ikastera etorritako fraide eta apaizekin taldetxo bat osatu zuen Zubizarretak, irakasle aritzeko. Albisuren esanetan, «jende dezente» batu zen eta «oso motibatuta» zeuden. «Militantziatik» egiten zuten, ez zuten «zentimorik kobratzen» eskolengatik. Hurrengo ikasturterako leku handiago baten beharra ikusita, beste bilera bat egin zuten, eta bila hasi ziren. Idiakez kalean itxi edo lekuz aldatutako aleman akademia bat topatu zuten, eta han sartu ziren pixka bat antolatuta zegoela aprobetxatuz. Kale horretako 8. atarian ekin zion bere bideari Ilazkik, legez kanpo eta inolako nortasunik eman gabe izan ziren hasiera haiek.
Dena egiteke
Taldeak antolatu zituzten goizean eta arratsaldean. «Goizean gutxixeago, baina arratsaldean a tope egoten zen»; bi txanda zituzten, 17:00etan eta 19:00etan. Hamabost bat irakasle ziren, eta sei-zazpi gelatan batera izaten zen eskola, talde bakoitzean hamabi-hamabost lagun zeuden. Hastapenetan, baliabideak eskasak ziren. «Idazteko makina bat genuen, triki-traka horietako bat, ez genuen fotokopiagailurik ere». Zubizarretak irratitik prestatzen zituen gidoiak eta gaiak, eta kalko batekin egiten zituen kopiak, aldizkarietatik moztutakoekin collageak eginda… «Ahal zen bezala». Ezer ez zuten eta dena egiteke zegoen. Gerora, proiektore batzuk erosi zituzten, magnetofoiak entzumena lantzeko…
Hamar irakasle eta 80 ikasle izan ziren abiapuntua. Horietako bat Marian Gabarain egiatarra izan zen. 1974an, Landetxen hasi zen euskara ikasten, eta Idiakezen jarraitu zuen. Han, eskolak «formalagoak» zirela gogoan du eta eskola ordu gehiago zituztela. Kuotan jarri zituzten materialak eta errenta ordaindu behar zutelako, baina ikaslearen profilaren araberakoa izaten zen kopurua, gazte eta langabeek gutxiago, lana zutenek gehixeago… Irakasleen lana goraipatu du: «Pentsatzen dut oso irakasle onak zirela, oso-oso onak, guretzako, behintzat». Irakasle haietako batzuk oso gazte hasi ziren, eta gero Euskadi Irratian edo HABEn egin zuten beren ibilbidea. Era berean, ikasle izatetik irakasle izatera pasatu zirenak ere badira.

Donostiarrez gain, herrietako ikasleak ere bazituzten: Hernani, Pasaia, Villabona… Motibazioari dagokionean, berriz, Albisuk argi du: «Jendeak euskalduna izan nahi zuen, euskara jakin. Gustura ibiltzen ziren, zerbait inportantea-edo zen beraientzat, ez ziren behartuta joaten». Gabarain da horren adibide. Haurra zela ikastola klandestino batean ikasi zuen euskara, baina mojetan hasi zenean, albo batera utzi behar izan zuen hizkuntza. «Gogoan dut Lazkaoko neska batekin nengoela, gure artean euskaraz hitz egiten genuen, eta banandu egin gintuzten. Nahiko gogorra izan zen, bizirauteko, ahaztu egin nuen». 16 urterekin berriro euskara ikastea erabaki zuen; frankismoaren amaierako garai haietan, «oso gazteak izan arren, kontzientzia politiko bat» bazuelako. Sei-zortzi urtez aritu zen ikasten, egunero ordu eta erdiz joanez. Bere hitzetan, «nahiko intentsiboa zen, baina pozik joaten ginen, ondo pasatzen genuen. Gogoz egindako zerbait zen».
Ilazki abiatu aurreko udan hasita, barnetegiak antolatzen zituzten, uztailean, Gabirian eta, abuztuan, Zegaman, udalek utzitako eskola batzuetan. Albisuk gogoratu du Zegamakoa garbitzera eta antolatzera joan zirela, litera batzuk eraman eta koltxoiak ere erosi zituztela. Gabirian, bakoitzak berea zeraman, eta lurrean edo lo zakuetan egiten zuten lo. «Jendea gaztea zen». Gabarainek gogoan ditu uda horiek. «Oso garai polita dut buruan, gero parranda batzuk egiten genituen, herri guztietako jaietara joaten ginen… Gazteak ginen eta oso ondo pasatzen genuen», gero, goizean, klasera joaten ziren, hutsik egin gabe. «Erabateko arduraldia genuen». Toki askotako ikasleak ziren, Iruñetik ere joaten zirela nabarmendu du Albisuk, eta bitxikeri gisa, ezkondu eta biharamunean, «eztei bidaia», barnetegira joan zen bikote bat gogoan du. «Pentsa ze giro zen hori».
Ilarak, matrikulatzeko
Eskolak tabernan egiten zituzten, «Gosaldu, eskola, hamaiketakoa, eskola, bazkaria…» eta bertako jendearekin hitz egiten zuten. Alde horretatik, herriko jendeak asko laguntzen ziela dio Albisuk, asko lanetik atera eta tabernara joaten ziren jendearekin «sacacorchosarekin» hitz egitera. «Beste mundu bat zen».
Ikasturtean zehar ere, lotura ikasgelaz harago zihoan. «Ateratzen ginen, batzuetan euskaldun poteoa egiten genuen, mendira joan… Lagunak ginen, kuadrilla bat, igual ez euskaltegiak antolatuta, baina gure artean beti elkartzen ginen», azaldu du egiatarrak, 16-21 urte artean zituzten taldekideek. Irakasleek ere joera bera zutela azaldu du Albisuk. «Hasiera polita izan zen. Ostiraletan elkartzen ginen, garai hartan Bartolo tabernan, irakasleak elkartzen ginen eta gure bilera zen arrautza frijituak jan eta hantxe, taberna guretzat. Mendi irteerak egiten genituen, Aizkorrira joan eta eguzkia irteten ikusi, Zegaman ginela. Esan nahi dut, garai hartakoak ginela eta gazteak».
Ilazkik gizartearen babesa berehala jaso zuen, ikasle berriak joaten ziren, beharra, gogoa eta interesa zutelako. Segituan hartu zuen indarra eta urte gutxiren buruan ikusi zuten proiektu sendoa eta etorkizun handikoa zela. Egungo Kontseilu Errektoreko lehendakariorde Elena Calvillok gogoratu du askotan entzun duela jendetza biltzen zela, izena emateko. «Ilara handiak sortzen ziren kalean matrikula garaian, kristorenak omen ziren Idiakez kalean zeudenean». 1981-82 ikasturtean, kultur elkarte gisa legeztatu zuten eta 1987tik kooperatiba bat da. Ibilbidean, Idiakez kaletik Frantzia pasealekura, Etxaide kalera eta, azkenik, Plaza Berrira joan zen 1983an.

Ordurako, bestelako hazkunde bat bizi zuen euskalgintzak, euskaltegiak eta ikastolak ugaritu eta euskara ikasteko beste bide batzuk zabalduta. Garai horretarako, utzia zuten Albisuk eta Gabarainek. Ilazkiren hastapenak bat egin zuen euskara batuaren sortze eta zabaltzearekin, horregatik, euskalduntzeaz gain, hizkuntza estandar hori barneratzeko, zabaltzeko eta ikasteko premia ere bazegoen, alegia, euskaraz alfabetatzekoa. Izan ere, garai haietan, eskolan erdaraz ikasitako jende asko zegoen nahiz eta hizkuntza jakin euskaraz idazteko gai ez zena. Euskaraz lan egiteko behar zuten asko joan ziren, baina behar hori gerora desagertu egin zen.
Beste batzuk sortu ziren, ordea, eta horiei erantzun ahal izateko egokitzen joan dira euskaltegia. Lana ez zaie falta izan. Mende erdian, 300 irakasle eta 20 bat langile, eta 40.000 ikasle inguru pasatu dira Ilazkitik. 2008ko krisiarekin hazi egin zen matrikulazioa, baina, gero, gutxika jaisten joan zen. Behea jota, azken hiruzpalau urtetan suspertze bat bizi du. Ikasturte honetan, 30 langile eta 900dik gora ikasle daude.
Garai berriak
Calvillorekin batera, egungo Kontseilu Errektoreko kide dira Karmele Loinaz, idazkaria, eta Agurtzane Goñi, lehendakaria. Hiruak irakasle dabiltza bertan, 1993, 2014 eta 1989 urteetatik, hurrenez hurren. 50 urteotako bidean, bost giltzarri nabarmendu dituzte: lehena, metodologia: edukietatik ikuspegi komunikatibora pasatu da, hizkuntza komunikatzeko tresna gisa ulertuta; bigarrena, homologazio sistema, Eusko Jaurlaritzak sare publikoan sartzeko aukera emateak, irakasleen profesionalizazioa eta matrikuletako diru laguntzak ekarri zituen; hirugarrena, administrazioak euskalduntzeko ikasle asko bideratu zituen euskaltegietara; baita laugarrena den administrazioen egiaztatze prozesuak ere, lanpostuen eskakizunaren euskara maila lortzeko; bosgarrena, azkenik, langileen inplikazioa eta prestutasuna. «Azken lauzpabost urteotan, lan baldintza pixka bat duinagoak dauzkagu eta horrek eragina du euskaltegietan lan egin nahi dutenengan, bestela zaila da erakartzea eta kontratatzea», zehaztu du Goñik.
Esan moduan, administrazioaren euskalduntzeak ikasleak ekarri ditu euskaltegira, baina nahia oso bestelakoa dute. Calvilloren ustez, «lehen, euskara ikasteagatik edo militantziagatik zetozenak asko ziren. Administrazio lanpostuetako profilak eta mailak sortu zirenean, gehienbat titulua ateratzera etortzen zen jendea». Horrek ondorioak ditu Loinazen iritziz, «titulua lortu beharrak motibazio txikiagoa eta estres handiagoa eragiten du helburua euskalduntzea zenean baino».

Edonola, oraindik ere, bestelako ikasleak ere badituzte, bereziki, garai batean euskaldundu zirenak, eta, orain, erretiratuta daudela, bueltatu direnak euskara erabiltzeko helburuarekin. Hasierako mailetan —A1, A2— estatuko beste lekuetatik edo atzerritik etorritako lagunak dira, D ereduari esker, bertakorik ez baitago.
Garaiei egokitzeak baliabide berriak barneratzea ere ekarri du, eta, hala, online ikastaroak eta autoikaskuntza ere eskaintzen dute. Gorakada nabarmena izan dute azken hamarkadetan, hein batean, «baliabidearekiko harremana asko aldatu» delako eta jada 0tik C2 maila arte ikas daiteke horrela.
Ikasleekin ospatu
Olentzero, sagardotegia, bertsolariak, kantu-jirak… Hiria euskaldundu eta kalean erabiltzea sustatzeko hastapenetan egin ohi zituzten jarduerak galtzen joan dira, eta egun, aukera mugatuagoa da, gizarteari eta ikasle profilarekin batera aldatu egin baita egoera. Loinazek adierazi duenez, «denbora mugatuarekin dator, estresatuago bizi gara, oro har. Euskaltegiko denbora dena da eta bere ordutegian bada, parte hartzen du. Lehen, goizetan eskola zutenak ere etortzen ziren arratsaldean Santa Agedan».
Plaza Berrian eta ikasleekin ospatuko dute mende erdia, ekainaren 11n. Garai batean euskaltegiko plazan bertsolariak aritzen zirela gogoratzeko, hala ekingo diote jaiari, 12:00etan. Ondoren, kantu-jira bat egingo dute trikitilariekin auzoan barrena. Abiapuntura bueltan, ekitaldi nagusia aurrera eramango dute: hitzartzeak, eskertzak, oroigarriak eta opari banaketa egingo dituzte. Euskaltegi azpiko tabernan mokadutxoa jan eta arratsaldean musikarekin jarraituko dute, 17:00ak arte. «Neurri txikiko» festa izango da, ostegunez, ikasleak bertan daudela aprobetxatuta.
Desagertzea, helburu
Urteurren honek atzera egin eta bidean egindakoaz pentsatzeko balio izan die denei. Goñik onartu du ospakizunak «barrena mugitu» diola eta «harroxko» sentiarazten duela bide horren parte izateak. Calvillok ere balioetsi du, «gauza handia» baita. Euren aletxoa jarri dute milaka pertsona euskaldunduz; hala ere, batzuetan sentsazio gazi-gozoa ere badutela aitortu du Loinazek: «50 urte eta oraindik horrela gabiltza», izan ere, «bene-benetako erronka litzateke ixtea. Gizartea euskaldunduta dagoelako».
Hortaz, sorrerako helburua mantentzen dute, euskalduntzea, baina horretako modua da aldatu dena eta eraldatzen jarraituko dutena. «Egokitzen jarraitzea, laneko tresnak, pentsamoldeak, eskolan ematen dituzun gaiak, ikasleekin asmatu… Hori ere bada erronka», gehitu du Goñik. Baita motibazioa sustatzea ere, Calvillok gehitu duenez. «Ikasleei azterketatik harago ere beharrezkoa dela transmititzea, hemengoa dela, hitz egin behar dugula, erabili. Hasierako hori hor dago eta neurri batean batzuetan borroka ere izaten da. Ez da erraza biak uztartzea».
Euskaltegiaren mugak gaindituta, desafio handiena horixe da: erabilera. Horretan ere ahalegindu dira. «Irakastea izan da egitekoa, baita euskarari eustea, bidea zabaltzea, ere; baina borroka hori ere paraleloa izan da, hemen eta kanpoan», berretsi du Loinazek. Euskaltegiak hori bultza dezakeen arren, zailagoa dela eta kalean sozializatuta egin behar dela diote. «Erabilerak gora egiteko jarrera aktiboa behar da, dakienak erabili behar du».
Auzoz auzo errealitatea desberdina den arren, Parte Zaharrean euskaraz hitz egiteko aukera ia galduta dagoela sumatzen dute: «Tabernetara joan eta ez dizute ulertzen, dendetara joan eta ez dizute ulertzen… arrotz egiten zaie oso». Dena den, beste leku batzuetan euskaraz gehiago entzuten da orain, eta ulertzen dutenen kopuruan ere alde nabarmena igartzen dute.
Urteotan, «ordu asko eta lan handia» egin duten guztiei esker heldu da mende erdira Ilazki. Bakoitzak egokitu zaiona edo behar zuena egin duela deritzote, eta bide beretik, beharra dagoen bitartean, aurrera jarraituko duela ere.
EGUNKO IKASLEAK
MARIJO SAROBE
Ikasturte honetan hasi da Ilazkin eta aurreko bi euskaltegietan ez bezala, eskolara gogotsu doa egunero. Bi arrazoirengatik ikasten ari da: batetik, «oposizioa egingo dut eta postua lortzeko behar dut», eta, bestetik, euskaldunak diren senarra eta semearekin hitz egiteko. Liberatuta dago eta bost orduko ikastaro trinkoa egiten ari da. Hemen sakonago lan egiten dutela uste du: «Oso ondo lantzen dugu gramatika, mintzamena…».
IDOIA ALEJOS
Emagina da Donostiako Ospitalean eta pazienteekin hitz egiteko nahiak eraman zuen duela zazpi hilabete euskara ikastera. «Uste dut nire arloan oso garrantzitsua dela emakumeek beren hizkuntzan egitea. Ez dut titulurik nahi, lanpostu finkoa dut eta ez dut behar; euskaraz hitz egin nahi dut». Oso gustura dago Ilazkin, «irakasleek pazientzia handia» dutela dio eta kostatu arren, «ikasten ari naizela sentitzen dut».
RUBEN BENITEZ
Duela hamar urte hasi zen euskara ikasten, etenekin, baina beti Ilazkin, pozik baitago. Ikastaro trinkoa egin eta lan karga handia izanik ere, egunak oso azkar pasatzen zaizkio. «Lagunekin edo familiarekin bezala gaude hemen» eta oporrekin parekatu du. Irakasleak «oso profesionalak» eta «tratu oso onekoak» direla dio. Egiaztagiria behar du lanerako, baina, era berean, herritarrekin eta lankideekin euskaraz «modu onean» aritu nahi du.

