Iban Lizarralderen 'Gartzela' film laburraren protagonistak dira Arantxa Gurmendi eta Iñake Irastorza.
Iñake Irastorza aktorea, Iker Galartza eta Iban Lizarralderekin.
Iñake Irastorza eta Arantxa Gurmendi aktoreak ‘Gartzela’ film laburreko protagonistak dira
Iban Lizarralde zinemagile gazteak sortutako drama psikologiko batean murgildu dira Iñake Irastorza eta Arantxa Gurmendi aktore donostiarrak. ‘Gartzela’ film laburreko protagonistak dira.
Ostiralean Kutxaren Andia kaleko aretoan proiektatuko dute.
Iban Lizarraldek bi urtez ikasi zuen Larrotxenen, Isabel Albarekin. ‘Gartzela’, hain zuzen ere, ikasketen bukaerako proiektu gisa sortu zen. Lizarraldek, ordea, ez zuen istorio hura tiradera batean gorde nahi, eta berehala ekin zion filmatzeari.
Askatasun fisikoa eta psikologikoaren arteko gatazka plazaratu nahi du ‘Gartzela’ lanak.
Ana alarguna (Iñake Irastorza) eta bere amaginarreba Martinaren (Arantxa Gurmendi) harremana da ardatza. «Mendeko egoera eta harreman batean bizi den pertsona bat gai al da egoera horri aurre egiteko? Anak aske dela uste du, baina preso bizi da. Etxe berean, eta herri txiki batean bizi dira. Gero eta itolarri handiagoa sentitzen du, baina konturatzerako preso dago», azaldu du Lizarraldek.
Legazpiko Lenbur fundazioaren etxe museoan errodatu zituzten barruko planoak: «Etxea duela 150 urte bezala dago, eta primerakoa zen gure film laburrerako.
‘Gartzela’ ez da duela 150 gertatutako istorio bat, baina denboran atzean geratu dira nolabait. Belaunaldi berririk ez duen familia bat da, eta ilusiorik ez dute, ezta etxea berritzeko ere».Kanpoaldeko irudiak, berriz, Seguran eta Zerainen filmatu zituzten.
Bere irakasleak, Isabel Albak gomendatu zion Lizarralderi Arantxa Gurmendi aktorearekin la egiteko. 80 urteko pertsona bat behar zuen, eta hura latexarekin makillatuta ondo geratu zitekeela uste zuen.
Gurmendi 25 urte zahartuta ikusiko du publikoak, Martina bihozgabearen paperean. Beste aktoreak Lizarraldek berak bilatu zituen. Euskal Aktoreen Batasunaren katalogoa goitik behera errepasatu nuen, eta Iñake Irastorza iruditu zitzaion egokiena: «Azkenaldian telebistan, komedian ikusi dugun arren, eta jendeak paper komikoekin lotzen duen arren, banekien ‘Gartzela’ bezalako drama beltz batean lana ondo egingo zuela. Iker Galartza ere hautatu nuen. Hau ere paper komikoak egiteagatik ezagutzen du jendeak, baina ondo moldatu egin da. Goxotasuna ematen dio istorioari».
Iñake Irastorza aktorea.
Irastorza «oso gustura» aritu da Lizarralderekin lanean: «Bitxia iruditu zitzaidan bera bezalako zuzendari gazte batek idatzitako istorioa izatea. Itxuraz, oraindik horrelako gai batek ez diola interesik piztu behar dirudi… Gidoiak aktorearen jakinmina piztu zuen eta berehala baietz esan zuen, parte hartuko zuela. «
Anaren pertsonaia oso gogorra eta tristea da. Istorioa bera da oso gogorra. Aldi berean gure inguruan askotan gertatu den, gertatzen ari den eta gertatuko den istorioa da. Eta ez bakarrik gure herrian. Nik uste dut mundu zabalean gertatzen dela».
Iker Galartzak interpretatzen duen pertsonaiak iluntasun betean zirrikitu bat irekitzen duela dio: «Bera azaltzen denean agertzen da irrifarre txiki bat. Bestela oso atmosfera itogarria eta tristea da. Bera da etxean sartzen den eguzki printza bakarra. Dendan egindako erosketak eramaten ditu etxera. Haize freskoa ekartzen du Anaren etxera. Oso pertsonaia polita da. Txikia, baina polita». Bere pertsonaia amaginarrebaren mendean bizi dela azaldu du: «Etxetik ateratzen naizenean elizara joaten naiz, eta korrika itzultzen naiz gainera.
Zeharo menperatuta nago. Ez bizi eta ez bizitzen uzten duen horietakoa da Arantxa Gurmendiren pertsonaia. Zenbat eta okerrago, hobeto».
Irastorza, Telmo Esnalekin
Jose Antonio Vitoriaren ‘La buena madre’, edota Asier Altunaren ‘Artalde’ film laburretan parte hartu izan du Irastorzak: «Ez ditut film labur asko nire maletan. Film luze gehiago egin ditut, eta antzerkia ere, jakina. Ezer egin badut antzerkia izan da, eta drama dezente gainera. Telebistan pertsonaia komiko batzuen larruan agertu naiz .
Etxe guztietan sartzen da telebista eta jende askok soilik paper horietan ikusi nau lanean. Hau gertatu baino lehen bazegoen soilik paper dramatikoetan ikusten ninduen jendea… Zer egingo diogu ba! Horrelakoa da bizitza!».
Telmo Esnal egun Donostian filmatzen ari den
‘Urte berri on, amona!’ pelikulan ere agertuko da Irastorza, bigarren aktore gisa. Taula gainean, antzerkian, berriz, udazkenean etorriko da, Gorakada taldearekin. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako haurrentzako ‘Ogro txikia’ antzezlanarekin etorriko baita.
Iban Lizarralderen lan taldea, filmatze lanetan.
Gasteizko Coartada jaialdian, Eibarreko Asier Errasti jaialdian, Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran eta Beasaingo Gau Laburra jaialdietan proiektatu dute orain arte ‘Gartzela’ film laburra. Gasteizeko jaialdian Iñake Irastorzak aktore onenaren saria jaso zuen; Lekeition, berriz, argumentu amateur onenaren saria eskuratu zuten, eta Beasainen lehen saria. Eibarren finalista izan zen, gainera.
Hala ere, film laburren zirkuitua oso gogorra dela dio Lizarraldek: «Azken urteotan film laburrek indar handia hartu dute. Gero eta egile gehiago dago, eta beraz, lehia are handiagoa da. Gero eta zailagoa da hautatua izatea». ‘Gartzela’ lanaren azpitituluak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Europan sartzeko asmoa dute.
Ostiraleko emanaldian (19:30) Iban Lizarralde, Iñake Irastorza eta Arantxa Gurmendi izango dira. Gartzela ez ezik,
making offa ere proiektatuko dute. Solasaldia egingo dute ondoren.
Arantxa Gurmendi, amaginarrebaren larruan sartuta.