Luxuzko egonaldia, ezagutzaren truke
Nazioartetik hiriko enpresa gune eta unibertsitateetan lan egitera datozen zientzialari eta ikertzaileek oporretan sentitzeko arrazoi nagusi bat dute Mirakontxan; luxuzko hotelen pareko ezaugarriak dituen ikertzaileentzako egoitza inauguratu baititute. 80 apartamentu ditu Rozanes jauregiaren lekuan dagoen Adimenaren Etxeak, eta Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboko Ikerketa Zentroan lanean ariko den Stephanie Massol izango da lehen maizterra. Bere eskura, hortaz, eroso bizitzeko behar diren ekipamendu guztiak izango ditu.
Eraikinak iraunkor izateko irizpide guztiak betetzen ditu. Besteak beste, ura berotzeko eta giroa epel mantentzeko, eguzki-energia baliatzen dutelako.
Adimenaren Etxeak krisi ekonomikoari «izkin egin» dioela adierazi du Euken Sese Sustapen Elkarteko gerenteak. Metro koadroaren balioa, altzari eta guzti, 1.200 eurokoa dela zehaztu du. Krisia ez ezik, sarraski handi bat ere saihesteko zoria izan dutela gogoratu du Odon Elorza alkateak. Obretan bete-betean zirenean, haize bolada batek garabi bat bota zuen eta ondoko etxe baten gainera erori zen. Barkamena eskatu du alkateak, «sarraski txiki bat izan zitekeen», esan du.