Apirilaren 2an hasiko dira Grosen zabor organikoa biltzen
Amaratarren pausoak jarraituko dituzte Grosen, 2008an zabor organikoa jasotzeko abiarazitako ekimenak segida izango duelako apirilaren 2tik aurrera. 2.570 famili dira Amaran –auzotarren %27 inguru– barazki, arrain, haragi eta antzeko hondakinak bereizten dituztenak. Grosen halako erantzun zabala jasotzea espero dute; hori dela-eta, gaur eta bihar artean, ekimenaren berri emango duen gutuna banatuko dute etxez etxe.
Auzotarra ez, eta Grosen maiz ibiltzen direnak edota gutuna jaso ez dutenak astelehenetik aurrera jarriko dituzten informazio-karparen batera hurbil daitezke. Bertan, ekimenaren berri izan, eta zaborra sailkatzeko beharrezkoa den materiala –konposta egiteko poltsa, zaborrontzia eta edukiontzia irekitzeko giltza– jaso ahal izango dute.
Astelehenetik ostiralera Nafarroa Beheran egongo da karpa. Martxoaren 21etik martxoaren 26ra, berriz, Okendo kultur etxearen kanpoaldean. Martxoaren 28tik aurrera, berriz, hamabost minutuko tailer bereziak antolatuko dituzte Okendon. Ingurumen saileko arduradunak, era berean, ostalari eta fruitu-saltzaileekin elkartuko dira haien atxikimendua lortzeko.
Ekimenarekin bat egin nahi duenak, halaber, 943-483390 telefonora dei egin dezake edota ingurunea@donostia.org helbidera idatz dezake.