Helmuga, Tombuctu
Imanol Lartzabal abeslariari omenaldia egingo diote Kursaalen.
Amaia Zubiria, Maria Berasarte, Luis Eduardo Aute edota Maria Mendizabal izango dira Imanolen omenaldian
Hiru hilabete dira ‘Imanol: Donostia-Tombuctu’ musika bilduma kaleratu zutenetik. Josemari Aleman eta Suburbano taldeko Luis Mendo eta Bernardo Fusteren proiektua izan zen. Imanol Lartzabalen abestiak berreskuratu eta haren figura omendu nahi zuten. Bihar, osteguna, diskoaren kontzertu bertsioa eskainiko dute zenbait musikarik Kursaal Ganbera Aretoan.
Berlangak 1999an estreinatu zuen ‘Paris-Tombuctu’ filma. Urte hartan alde egin zuen Imanolek Donostiatik. Suburbanok jarri zion musika pelikulari. Manolo Tenak interpretatzen zuen abesti nagusiak biziki hunkitu omen zuen Imanol. Bere buruaren isla ikusi zuen hitz eta doinu haietan. Tombuctu deitu zion bere norakoari. Hura izan zen kantautorearen azken norako sekretua. Haren ustez, Madril eta hegoaldearen artean zegoen.
Musikari donostiarrari eskainitako CD-DVD hartako protagonistek diskoaren zuzeneko bertsioa egingo dute bihar, martxoak 10, 20:00etan. Eszenatokian izango dira Suburbano taldea, Luis Eduardo Aute, Maria Berasarte, Amaia Zubiria, Maria Mendizabal, Carmen Paris, Joao Alfonso, Aurora Beltran, Marina Rossell, Odei Lizaso, Luis Pastor, Gorka Hermosa… Bilduman parte hartu duten hainbat artistek, ordea, ezin izan dute parte hartu. Ismael Serranok, Ainara Ortegak edota Uxiak, besteren artean. Diskoko abestiak ez ezik, beste pieza berri batzuk ere interpretatuko dituzte.
Beste bi pertsona ere izango dituzte gogoan gaur, ikuskizunean: « Jose Antonio Labordetak eta Xabier Letek diskoan parte hartu behar zuten, baina lanean hasi eta handik gutxira hil egin ziren», azaldu du Alemanek. Letek Imanoli eskainitako poema bat irakurriko dute: «oso harreman estua izan zuten. Imanolek errespetu handia zion Leteri. Hil zenean, Letek poesia ederra eskaini zion eta hura errezitatuko dugu». Bestalde, Labordeta eta Imanol elkarrekin Albada abestia kantuan agertzen diren irudi zaharrak proiektatuko dituzte, ETBk utzitakoak.
Maria Berasarte, Amaia Zubiria eta Maria Mendizabal abeslariak ere izan ziren atzo, aurkezpenean. «Nik ez nuen Imanol ezagutu, eta bere abestiak ere ez nituen asko ezagutzen. Proiektu honetan, haren lagunen bidez izan dut Imanol ezagutzeko aukera», azaldu du Berasartek.
Zubiriak, ordea, aspaldiko ezaguna zuen Imanol: «Nire historiaren zati handi bat da. 1967tik aurrera askotan egon ginen elkarrekin. Harreman gatazkatsua izan genuen. Zintzilik geratu zitzaidan berriz ere berarekin hitz egitea. Baina asko miresten dut bere obra, asko maitatu dugu elkar… Beste guztiak, heriotzaren ondoan garrantzia galtzen du. Bere obra geratzen da, asko miresten dudan obra. ‘Esandako txarra ahaztu eta ondo egina gogoan hartu esan ohi da’». Zubiriak omenaldia beraiek, ikuskizuneko abeslariek behar dutela azaldu du: «Ez dut uste inondik entzungo digunik. Guk behar dugu hau egitea. Berak ez du beharko».
Biharko emanaldia beharbada bakarra izango dela adierazi du Josemari Alemanek: «Oso konplikatua izan da proiektu honekin aurrera egitea, diskoa eta kontzertua. Zuzeneko honetan musikariak elkartzea ere esfortzu handia izan da».