Marrutxipiko apartamentuak, banatzeko prest
Udalak prest ditu Donostiabuseko autobus biltegiaren ondoan egin dituen 106 apartamentuak. Etxea eskuratu dutenek hilaren 15etik 17ra izango dute etxea bertatik bertara ezagutzeko aukera. Giltzak, berriz, 22 eta 24 artean banatuko dituzte. Marrutxipin eraiki dituzten bi eraikinek bereizitasun bat izango dute orain arte hirian garatu dituzten apartamentu promozioekin alderatuz; gazteek eta 65 urtetik gorako gizon-emakumeek bat egingo baitute Marrutxipin. Adinekoentzako 44 apartamentuak, hala ere, autobus geltokitik hurbilen dagoen eraikinean kokatu dituzte. Gazteentzako 62 apartamentuak, berriz, pareko eraikinean egokitu dituzte. Bi belaunaldiek, halaber, hilabetero ordaindu beharrekoan egingo dute bat: 231 euro. Lehen kuota ordaintzen apiriletik aurrera hasiko direla zehaztu dute Etxegintzako ordezkariek. Apartamentuen tamainan, era berean, 65 urtetik gorakoek abantaila txiki bat dute, euren bizilekuek 47-51 metro koadro arteko tamaina duten bitartean, gazteena zertxobait txikiagoa –41-44 metro koadro artean– delako. Gazte nahiz heldu, denek euren etxean sukaldea badute ere, adinekoen eraikinean elkarte gastronomikoek duten antzeko txokoa eratu dute, bazkariak antolatu edota ordu libreetan elkarren artean solasean aritzeko.