Realzaleak, guztiz baikor
Realzaleek beti izan dute jarraitzaile finen ospea, taldea momentu zailetan eta Bigarren Mailan egon denean ere berarekin egon baitira. Azken asteetan zalantzan jarri dute komunikabide askok taldearen jarduna. Izan ere, azken hiru jardunaldietan ez du garaipenik eskuratu. Gainera, Martin Lasarte entrenatzailea bera ere haserre agertu zen Deportivoren aurka Riazorren 2-1 galdu ostean. «Argi geratu da ez gaudela gorago aritzeko moduan. Jauzia emateko partida zen eta ez dugu eman, oso ahul aritu gara», adierazi zuen uruguaitarrak prentsaurrekoan. Edonola ere, beste behin, zaleek taldearekin jarraitzen dutela argi utzi dute. Hori baieztatzeko, atzo goizean Zubietatik osteratxoa egitea besterik ez zegoen; bereziki zale gaztetxoenek harmailak hartu zituzten.
Oihane eta Laura Fernandezek eskolan jai zutela aprobetxatu zuten, euren talde gogokoena lanean ikusteko. «Partida batzuk galdu dituen arren, taldea ongi ari da. Ez dakit mantentzea baino gehiago lortuko duen, baina hori bakarrik nahikoa izango da», aipatu zuen Oihanek. «Batzuetan Anoetara joaten gara edo bestela telebistaz jarraitzen ditugu partidak», gaineratu zuen Laurak. Bi lagunen ustez, Malagaren aurka (igandea, 17:00) ere Realak irabazi egingo du, beraien jokalari gogokoenak ez baitu hutsik egingo, Griezmannek, alegia. Julen Borge amaratarra ere pozik zegoen taldearen errendimenduarekin eta oraindik gorago joan daitekeela adierazi zuen. «Orain arte bezala jarraitu behar du. Anoetako partida guztiak irabazi behar ditu eta etxetik kanpoko batzuk ere. Europarako ere sailkatu daiteke».
Bestetik, Realak talde zabala duela nabarmendu zuen Andoni Amunarrizek. «Oraindik asko falta da Liga bukatzeko, eta lehen itzulian zorte txarra izan duen arren, taldea ongi dabilela uste dut. Plantilla aldetik ere ongi dabiltza, hamaikakotik kanpo badaude jokalari onak. Hala ere, ez du merezi Europarekin itsutzeak», aipatu zuen Lasarteko realzaleak.
Antonio Marcosek mantentze hutsaren aldeko apustua egin zuen. «Azken partida oso txarra izan zen, baina taldea mantenduko dela ziurtatua dago. Hala ere, hurrengo asteko partida zaila izango da, Malagak irabazi egin behar baitu». Jon Gomezek ere onena zuhurtziaz jokatzea dela adierazi zuen. «Uste dut etxetik kanpo gaizki jokatzen ari direla. Lehenengo mantentzeko puntuak lortu behar dira eta gero hasiko gara gorago begira. Gainera, Malagaren aurkako partidak erraza dirudi, baina ez gara fidatu behar, momentu onean baitago».
Aranburu eta Elustondo, taldearekin
Realeko lesionatuak hobera egiten ari dira, izan ere, Mikel Aranburuk eta Gorka Elustondok gainontzeko taldekideekin egin zuten atzoko entrenamendu saioa, baina beranduago zelairatu ziren. Hala, badirudi igandean Malagaren aurka jokatzeko moduan egongo direla biak ere. Bestetik, Raul Tamudo ere berdegunean egon zen eta baloiarekin jokatu zuen. Hori bai, saio berezia egin zuen Karla Larbururen laguntzarekin. Alberto de la Bellak ez zuen entrenatu gainkarga batengatik eta Sutil bakarrik aritu zen gimnasioan.
ikusi pdf-a



