Urola bailarara joateko autobus sarea urte amaieran bateratuko dute
Ekialdebusek Bidasoa eta Oarsoaldeko herrietara autobusez joateko zerbitzuak bildu dituen moduan, Urola bailarako herrietara joateko zerbitzuekin ere erabaki bera hartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urola Erdira joateko, La Guipuzcoanako ordutegiei erreparatu behar zaie. Urola Kostara heltzeko, berriz, EuskoTreneko zerbitzuei begiratu behar zaie arretaz. Aldundiak, bada, bi zerbitzuok urte amaierarako bateratu nahi ditu, eta lehiaketa jarriko du datozen hilabeteetan abian.
Aldaketa honen bidez, Bidasoa eta Oarsoaldean gertatu bezala, udalerri txikietara iristeko bitartekoak areagotu nahi dituzte. Horretaz gain, linien arteko koordinazioa bultzatu, eta maiztasunak handituko dituzte.
Hamaika dira Mugikortasun sailak aurreikusten dituen hobekuntzak. Urola Erdia eta Donostia inoiz baino lotuago egon daitezen, Azkoitia eta Donostia arteko zerbitzu eskaintza indartuko dute, besteak beste. Astelehenetik ostiralera 19 zerbitzu izango ditu; 10, larunbatetan eta sei, igandetan.
Donostiako ospital eremua eta Urola Kostaren arteko lotura, estuagoa izango da, halaber. Honela, urte amaieratik aurrera, Zumaiak egunero hamar lotura zuzen izango ditu ospitaleekin, Getariak 15 eta Zarautzek 18.
Larunbatetan ere, Donostiara etorri ala Zumaiara joateko, erosoagoa izango da autoan etxean uztea. Izan ere, neguan, goizaldeko 1:00etan aterako dira azken autobusa ostiraletan. Larunbatetan, aldiz, sei zerbitzu ibiliko dira gau osoan zehar.
Lurraldebus txartelari esker, zerbitzuok indarrean jartzerakoan, autobus aldaketak doakoak izango dira.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo hilabeteetan abiaraziko duen lehiaketa irabazi nahi duen enpresak, zerbitzu horiek guztiak eskaintzeko prest egotearekin batera, 40 ibilgailu izan beharko ditu.