Victoria Eugenia Klubean lehiatuko dira aurten
Tokiko Musika Erakustaldiaren bigarren ekitaldia abian da
Donostia Kulturak eta Udal Gazteria Sailak Tokiko Musika Erakustaldiaren bigarren ekitaldia antolatu dute. Hiriko musika harrobia sustatzea eta musikariek baldintza egokietan zuzenean jotzeko aukera ematea dira Donostia Hiria Pop Rock Lehiaketa ohiaren helburu nagusiak. Erakustaldian parte hartzeko oinarriak interneten daude, Sanmigueldonostikluba.com eta Donostiakultura.com web orrietan. Parte hartu nahi duten musikariek martxoaren 15a eta apirilaren 7a bitartean aurkeztu beharko dituzte maketak. Epaimahai batek hamasei talde aukeratuko ditu. Aurten kategoria berean parte hartuko dute guztiek, ez baitute musika estilorik bereiziko. Gainera, Erakustaldiko kontzertu guztiak eszenatoki berean egingo dituzte -maiatzean-, Victoria Eugenia Klubean. Hautagaien zuzenekoak ikusi ondoren aukeratuko dituzte hiru finalista. Donostikluba zirkuituan parte hartzea izango da saria.