Lagunartean, udan ere euskaraz
Uda partean zer egin pentsatzen hasteko garaia iritsi zaie gaztetxoenei. Hori dela-eta, Bagerak, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Gure koadrilan euskaraz izeneko udaleku proposamena egin die. Haurrak beraien ingurune naturalean euskaraz mintza daitezen da ekimenaren helburua eta izena emateko epea apirilaren 8an bukatuko da.
Uda partean euskara albora ez dezaten lortzeko, Bagerak taldekako udalekua antolatu du bigarren urtez, 8 eta 14 urte arteko haurrentzat. Hau da, hain zuzen ere, Gure koadrilan euskaraz udalekuaren berezitasuna. Gatetxoek taldeka parte hartzean bereaien ingurunean erabilgarri izango zaizkien ohiturak garatzea delako antolatzaileek bilatzen dutena. Gutxienez lauko taldeetan eman beharko dute izena gaztetxoek. «Hizkuntzari bultzada emateko aukera» eskaini nahi die euskara elkarteak, Beintzako (Nafarroa) Orbela aterpean egin beharreko udalekuen bidez.
Urrats euskaltegia, Euskararen Udal Patronatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du Bagera antolatzaileak ekimena gauzatzeko garaian. Bost eguneko lau egonaldi prestatu ditu euskara elkarteak, uztailaren 5etik 16ra, 25etik 30era, abuztuaren 8tik 13ra eta abuztuaren 29tik irailaren 3ra. Beraiek adierazitakoaren arabera, izena emateko garaian horietako bi aukeratu behar dira.
Euskara bultzatzea helburua izanik ere, Bagerak ekimenez beteriko egonaldia antolatu du. Pertsona bakoitzeko 195 euroko prezioaren barruan sartzen dira os tegunetako bisita eta jarduerak. Besteak beste, talo tailerra, Lezealde Txikirako bisita edota Leurtzako urtegiko natur eremuak ezagutuko dituzte udalekuan parte hartzen dutenek.
Erabakia hartu baino lehen informazio gehiago nahi duenak, besteak beste, http://gurekoadrilaneuskaraz.wordpress.com internet gunean eskuratu ahal izango du. 09:00etatik 17:00etara, 943-46 71 81 telefonora deituta ere argitu ahal izango dira zalantzak. Telefono eta ordutegi berean egin ahal izango da izena ematea.