Udala Letaman gaztetxea itxi nahian dabil
Udalak Intxaurrondoko Letaman Gaztetxea itxi nahi duela jakinarazi dute bertako erabiltzaileek. “Auzoko gazteok kudeatzen dugun gune libre bakarra itxi nahi dute, baina Intxaurrondoko gazteok gaztetxea defendatzea eta honen alde borroka egitea erabaki dugu”, adierazi dute idatzi baten bidez. Gazteek diotenez, asteartean udaltzainak gaztetxean egon ziren lokala ixteko asmoarekin, baina bertako gazteek aurka jarri ziren eta azkenean amore eman zuten. Hala ere, egun batetik bestera errefortzuekin joango zirela eta gaztetxea itxiko dutela esan omen zieten.
Bide batez, duela 15 urte lokala okupatu zutenetik, gaztetxearen bidez gazteentzako ekintza ugari antolatzen dituztela gogorarazi dute: kontzertuak, ikastaroak, bideo-emanaldiak, mendi-irteerak, hitzaldiak… Bestetik, gazteen esanetan, duela hiru urte Udalak konpromisoa hartu zuen gaztetxea auzoko gazteen esku eta zabalik uzteko.
Egoeraren aurrean, egunero gaztetxean 20:00etan biltzeko asmoa dute eta bihar, ordu berean, manifestazioa egingo dute gaztetxetik abiatuta.