Zalditegitik parkera
Carme Chacon Defentsa ministroak eta Odon Elorza alkateak sinatu duten hitzarmenaren bidez, Udalak 38 hektareako eremua erosiko du 6,2 milioi euroren truke. Bi erakundeek ezarritako baldintzen artean, Udalak ez du kopuru osoa dirutan ordaindu beharko. Prezioaren erdia udalak dituen lursailengatik trukatzeko aukera dutela adostu dute. Odon Elorza alkateak jakinarazi duenez, «lursailik interesgarrienak jasotzen dituen zerrenda osatu dugu». Hamar urte izango ditu Udalak ordaintzeko.
Herritar orori zabalduriko parke noiz bilakatuko den aurreratzeko oraindik goiz den arren, militarrak udazken-negu aldera joango direla adierazi dute. Militarrek Kantabria aldera joko dute, Ibion elkartuko dituztelako militarren zaldi haztegi guztiak. Rezola zementu enpresarekin mugakide diren 38 hektareak eta egun ikuilu, biltegi eta militarren aterpe diren zortzi bat eraikinek guztiz bestelakoa den funtzioa beteko dute etorkizunean. Inguruko baserririk zaharrenetakoa den Amassorrain baserria ere gertutik ezagutzeko eraikina izango da.
Zalditegi izateari uzten dioenean, zer egingo du Udalak Lore Tokin? Etorkizuneko parkearen proiektua osatu dutela aditzera eman du Elorzak, bestelako xehetasunik, ordea, ez du aurreratu. Hala ere, eraikinek duten itxura bere horretan mantenduko dutela adierazi du. Ez dute ezer eraikitzeko asmorik, zenbait eremutan, dena den, jolas eta aisi-guneak atontzeko asmoa dutela adierazi du. Egun duten fisonomia mantenduz, ikuilu eta bestelako txokoak areto bihurtzeko egokitzapenak egin behar direla gaineratu du.
Elorzak, bestalde, Europako Kultur Hiriburu bilakatzeko proiektuaren baitan, Lore Tokirekin lotura zuzena izango duen egitasmoa prestatu dutela azaldu du. «Gobernuz Kanpoko Erakundeen topaketa antolatuko dugu 2016ko uztailean». Mundu osoko erakundeak elkartzeko asmoa dute, Nazio Batuek finkatutako Milurteko Helburuen inguruan gogoeta egiteko.
Horrekin batera, Lore Tokiko eremua askoz ere handiagoa izan daitekeela gaineratu du alkateak. Añorgako berdeguneak Chillida Lekurekin eta Kutxak bertan duen Zabalegi nekazal-heziketarako eskolarekin egin dezake bat.




