"Adinak gauzak aldatzen ditu"
Egiako kultur etxean Plus 55 ekimenak antolaturiko helduentzako bertso ikastaroa gauzatzen ari dira.
Eskola hitza gazte eta haurrekin lotu ohi da gehienetan, batez ere, bertsoen munduan; baina badira adinean aurrera joanagatik zaletasunean sakontzeko aukera galtzen ez dutenak. Hauen artean daude, besteren artean, Maixux, Koro edota Xabier. Plus 55 ekimenak antolatutako Bertsoekin gozatu ikastaroan parte hartzen ari da hirukotea, eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa irakaslea bezain gustura ari dira.
Antolatzaileen asmoa ez da taula gainean arituko diren bertsolariak sortzea. Bertsoak gozatzea eta jardueraren inguruko ikasleen jakintza zabaltzea da xedea. Ikasleetako askok aldez aurretikako ezagutza badute. Oiartzabalek dioenez, «erreferente asko dituzte, batzuetan guk, irakasleok, ditugunak baino zaharragoak».
Hori dela-eta, ikasleei ez zaizkie arrotzak iruditzen zortziko handia, poto edota neurria bezalako kontzeptuak; batzuentzat horien azalpen teorikoa entzuten duten lehen aldia izan arren. Xabierrek, esaterako, etxetik ekarri du errimatzat hartua izateko betebeharren inguruko zalantza. Oiartzabalek erraz erantzun dio horri. Era berean, bertsoa puzzle batekin alderatu du, «piezak bata bestearekin lotu, eta forma egokia erakutsi behar dute».
Adinaren seriotasuna
Pozik dabil Oiartzabal Egiako kultur etxean bildu den taldearekin. Izan ere, eskertzeko modukoa jotzen du, noiz-behinka, eskolak helduei ematea. «Adinak gauzak aldatzen ditu eta, kasu honetan, onerako». Irakasle oiartzuarrak azaldu duenez, «umore kode komunak ditugu, baita bestelakoak ere». Horrek guztiak irakaste lana errazten du, maila berean hitz egiteko aukera gehiago izaten dituelako.
Bestalde, ikasleak adineko izateak beste abantailak ditu. «Serioagoak dira, eta beraiek erabakita datozenez, denbora gehiago aprobetxatzen dugu», azaldu du Oiartzabalek, ikasleek bertso batek faltan zituen hitzak paperean idazten zuten bitartean. Hala beharrez errimadunak, denbora alperrik galtzeko aukerarik gabe.