Seigarren urtez gora egin du bidaiari kopuruak
2009tik 2010era 554.627 bidaiari gehiago zenbatu dituzte. 29.015.007 bidairik ezarri dute 2010eko marka. Odon Elorza alkateak, era berean, bidairi hazkundeak seigarren urtez egin duela gora nabarmendu du. «Krisiaren eraginez, jende gutxiago ibili da batetik bestera, ondorioz, beste hiri askotan autobus erabiltzaile kopuruak behera egin du; Donostian, aldiz, ez».
Udalak Donostiabusi emandako 12 milioi euroko ekarpenari esker, bidai txarteletan beherapenak mantendu ahal izan dituztela azaldu du. Beherapenak baliatuz, urtetik urtera gutxiago (%13,66tik %12,92ra) dira txartel arrunta eskatzen duten bidaiariak. Hain zuzen, udalaren diru-ekarpena handitu gabe, zenbait linea hobetu eta maiztasunak areagotzeko saiakera egingo dutela iragarri du alkateak. Asmo horiek egia bihurtzeko, aldiz, erregaiaren prezioari gertutik jarraitu beharko diotela zehaztu du.
Seguruei etekin handiagoa atera eta langileen gastuari eutsiz, egindako kilometro bakoitzeko %2 aurreztu dutela jakinarazi du Gerardo Lertxundi Donostibuseko gerenteak. Ibaetako unibertsitate eremura, Zuatzura nahiz Belartzara joateko maiztasunak indartzea izan da zerbitzua hobetzeko beste neurrietako bat. Bidaiak arinagoak izan daitezen, autobus bideak zabaldu eta hobetu dituzte, halaber.