Irlan meteorologia-gunea jartzea adostu du Jaurlaritzak
Espainiako Meteorologia Zentroak behatokia du Igeldon. Euskalmetek, aitzitik, ez du egun Donostian egoitzarik. Honenbestez, itsasoa eta eguraldia behatzeko gunea eratzea adostu du Eusko Jaurlaritzak. Eguraldiaren gorabeherak neurtzeko tramankuluak irlan jarriko dituzte, itsasoarekin lotutakoak, berriz, Aquariumen.
Egitasmo honen bitartez, eguraldiarekin lotura zuzena duten elementuak neurtu ahal izango dituzte. Horrekin batera, itsas korronteen inguruko datuak bildu ahal izango dituzte, baita hondarraren edota marmoken joan-etorria ere. Estropada egunetan, beraz, gune horrek eskain ditzakeen datuak oso baliagarriak izan daitezke.
Guneak aurrera egin dezan, Jaurlaritzako Barne sailak Donostiako Udalarekin, Pasaiako Portuko Agintaritzarekin eta Aquariumen egoitza duen Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena sinatuko du.