Aldaba joka ekimenaren barruan Hotzaldi neguko aterpea bisitatu dute. (Argazkia: Mikel Goñi)
Aterpe, Hotzaldi, Laguntza Etxea… hauen eta beste izen propio askoren berri izango dute Caritasen Aldaba Joka ekimenean parte hartzen dutenek. Elizbarrutiaren erakundeak kudeatzen dituen hainbat proiektuetarako bisitak biltzen dira iniziatiba honetan. Arratsalde bakarrean etorkinekin egiten duten lana, neguko aterpea edota etxerik gabeko pertsonentzat prestaturiko trebakuntza zentroa zein den ikas dezakete bisitariek. Bazterketaren errealitatea hobeto ezagutzeko aukerari boluntario egiteko gonbita gehitu diote antolatzaileek. Izan ere, norberak bere begiekin gauzak ikusteak errazten baitu bide hori egitea.
Aldaba joka-ren arduradun Jon Odriozolak esan ohi duenez, “gizarte bazterketa ez da arinkeriaz jorratzeko gaia”, hori dela-eta Caritasek Intxaurrondon dituen hiru zentroetarako bisitak hiru ordu eta erdi inguru irauten ditu. Orain arte, boluntarioak, alderdi politikoetako kideak, erakundetetako ordezkariak eta banakoak izan dira Laguntza Etxea, Hotzaldi eta Lamorus zentroak ezagutzeko bisitetan.
Odriozolak gogoratu duenez, “nahi duenarentzat irekia dago ekimena”. Hilabeteko azken asteazkenetan egiten dituzte bisitak. Parte hartu nahi duenak izena eman ahal izango du,
borondat@caritasgi.org-ra idatziz edo 943-44 07 44 telefonora deituz.
Bihar, 70 pertsona kalean
Aste honetan egindako bisita, ohi moduan, Ategorrietako ordulariaren parean hasi da. Intxaurrondo kalera abiatu dira Caritasen lana ezagutu nahi duten dozena inguru bisitariak. Hauek etorkinekin lan egiten duen Laguntza Etxeko atean jo, eta bertako arduradunek zabal-zabalik ireki dituzte. Jon Telletxea zuzendariaren ahotik entzun dute proiektuaren funtzionamendua zein den, baita hainbat jakingarri zehatz ere. “Etorkinengan zerbait berezia bada, sare sozialaren eza da”.
Laguntza Etxeko jantokian egunero 60 bat lagunei ematen diete bazkaria. Aulki berberetan eseri dira bisitariak Telleriaren azalpenak entzuteko. “Gure helburua, etorkinek hemengo pertsonek jasotzen dituzten zerbitzuak eskuratzeko dituzten trabak kentzea da”.
Bigarren geltokia kale berean dagoen Hotzaldi zentroan izan da. Bertan, Jose Antonio Lizarralde Pottoko-k berak koordinatzen dituen Aterpe, Eutsi eta Hotzaldi proiektuen inguruko informazioa eman die bisitariei; baina, batez ere, horien erabiltzaileak “pertsonak” direla gogorarazi die.
Hotzaldin etxerik ez duten 40 bat lagunek egiten dute lo neguko hilabeteetan. «Hau eta Udalaren esku dagoen Neguko ostiralean –bihar– ixtean, 70 pertsonak kalean egingo dute lo». Gau hotzetan teilatupean lo egiteko toki bat emateaz gain, Caritaseko boluntario eta langileek “giza berotasuna” ere ematen dutela adierazi du Lizarraldek. “Hirugarren helburu gisa dugu Hotzaldiko erabiltzaileek, gure beste proiektuetara gerturatzea.
Hauetako bat izan daiteke Intxaurrondon bertan dagoen Lamorus gunea. Sare sozialik ez duen kaleko jendea nora joan izatea ahalbidetzen duen gunea da. Jon Odriozolak azaldu duenez, “duintasuna berreskuratzen laguntzen dien tokia”.
-
-
Aldaba Joka ekimeneko bisitak Ategorrietako ordularian hasten dira. (Argazkia: Mikel Goñi).
-
-
Dozena inguru lagun bildu dira hilabete honetako bisita egiteko. (Argazkia: Mikel Goñi)
-
-
Intxaurrondo kaleko Laguntza Etxeko jantokian jaso dituzte lehen azalpenak. (Argazkia: Mikel Goñi).
-
-
Proiektu bakoitzaren egoitzatik egoitzarako bidea oinez egin dute. (Argazkia: Mikel Goñi)
-
-
Neguko aterpea den Hotzaldiko funtzionamendua ezagutu dute bisitariek. (Argazkia: Mikel Goñi).
-
-
Hotzaldiren helburua aterpe fisikoa eta giza berotasuna ematea da. (Argazkia: Mikel Goñi).
-
-
Aldaba joka ekimenaren barruan Hotzaldi neguko aterpea bisitatu dute. (Argazkia: Mikel Goñi)