Peruene-Zar baserria, bota baino egun batzuk lehenago. (Argazkia: Raul Perez)
Bost urte joan dira Herrerako azkeneko baserria bota zutenetik. Batzuentzat pena izan zena ondo egindako zerbait izan da besteentzat. Ukatu ezin daitekeena, ordea, San Luis Gonzaga plazaren inguruneak izan duen itxura aldaketa da.
Haur parkea eta bukatu gabeko eraikin berriaren artean gora eta behera dabiltza herritarrak. Batzuk korrika eta presaka topoa galtzeko beldurrez; besteak patxada handiagoz, obren bilakaerari ere erreparatuz .
Mari Carmen Iraola inguruko bizilaguna da. Berak, lasai antzean, langileei begira gurutzatu du plaza. Gogoan du Peruene-Zar baserria, baita inguru horretan zegoen beste eraikina ere. Nahiago du oraingo plaza. «Argiagoa eta txukunagoa dago orain, zalantzarik ez». Inguruaren berritzeak ez dio penarik ematen.
Iraolak gogoratzen du baserria lanean; baina, ez du bertan zegoen iturria gogoratzen. Hain zuzen ere, iturri honetara lotuta azaldu da baserria Altza udalerri zeneko artxiboetan.
Bestalde, denborak bere lana egiten du eta jende askoren memorian eragin zuzena izan ohi du. Davidek eta Jorgek bi urtez itxita egon zen plazako motor tailerra erosi zuten duela bost bat urte. «Ordurako botata zegoen baserria, ez da hala?», esan diote elkarri, Peruene-Zar gogoratzen duten galdera entzutean. Hauek, gazteak izanik, ez dute gogoan auzotarrek betan esnea erosten zutenekoa.
Oroimenaren kezka
Bota zutenean, Patxi Mendizabal jabeak Peruene-Zar baserriak 500 bat urte zituela esaten zuen. Altzako Historia Mintegiak, berriz, XVIII. mendekoa zela mantentzen zuen. Hala eta guztiz ere, babesik gabe zegoenez, duela bost urte bota zuten, nahiz eta Aranzadi Zientzia Elkarteak kontrako iritzia agertu zuen.
Bertako jendearen artean ere, iritzi hori duten pertsonak aurki daitezke. Larratxoko Ane Lasa maiz pasatzen da inguru horretatik. Lasak Peruene-Zarreko lanak eta soroa gogoratzen ditu; eta penatuta azaldu da San Luis Gonzaga plazaren berritzeaz galdetzean. «Baserria botatzeko beharrik ez zegoen. Egun, beste era batera egin daitezke horrelako gauzak». Ondareak ez ezik, ingurunearen oroimena ahazteak ere kezkatzen du larratxoarrak.
Peruene-Zar zegoen tokian eraikin berria egiten bukatzen ari dira. (Argazkia: Mikel Goñi).