Udaberriko dantza eta antzerkia
pirila eta ekaina bitarteko arte eszenikoen egitaraua aurkeztu du Donostia Kulturak
Iragan martxoan aurreratu zituzten datozen hilabeteetan etorriko diren musikarien zerrenda. Yann Tiersen, Angel Unzu, Manuel Rocheman, La Union, Hindi Zahra, Shannon Wright… Dagoeneko prest dago Donostia Kulturaren udaberriko egitaraua. Dantzan, astebukaera honetan Alicia Amatriain donostiarra izango da Victoria Eugenia Antzokian. Eifman Ballet konpainiak ‘Onegin’ koreografiaren bidez, Borif Eifman maisuaren mundu koreografikora eramango ditu ikusleak. Rafael Amargo dantzaria hirian izango da berriz ere. ‘Solo y amargo’ ikuskizuna aurkeztuko du. Orain arte egindako lanik pertsonalena eta intimoena dela adierazi du artistak.
Dantzaz konpainiak, urtero bezala, ikuskizun berria estreinatuko du Victoria Eugenia Antzokian. Ekialdeko tribu musikatik abiatutako lana izango da. Maiatzean, Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, gala antolatuko du Gipuzkoako Profesionalen Dantza Elkarteak. Klub aretoan, Jon Maya dantzariaren Kukai taldeak ‘Karrikan’ lana aurkeztuko du. Haurrek Marisa Amor interprete eta sortzailearen ‘Paisajes’ ikuskizunarekin gozatu ahal izango dute.
Antzerkian, Txalo taldeak estreinatuko du udaberriko egitaraua. ‘Crimen perfecto’ obraren bertsioa eskainiko du Espainiako zenbait aktore ezagunekin: Jorge Sanz, Elena Furiase edota Pablo Puyol, besteren artean. Beste bi klasiko izango dira ikusgai. Sevillako Atalaya konpainiak Shakespeareren ‘Ricardo III’ aurkeztuko du, eta La Zonak, Moliereren ‘Tartufo’. Donostiako Sasibill Lirika Elkarteak ‘Marina’ obra taularatuko du. Aurten, Kursaal Auditorioan izango dira. Musikal bat ere izango da programazioan, ’40 El Musical’. Teatro Estudiok Bertolt Brechten obra interpretatuko du, eta Pomen eta Marsel magoek magia ekarriko dute.