Etxegintzak 1.371 etxe eta apartamentuetako ondarea du
Jorge Letamendia Hirigintza zinegotzia harro dago Udalaren etxebizitza egitasmoak sustatzen dituen Etxegintzak 2010. urtean zehar eman dituen aurrerapausoekin. Urtebeteko lana bakarrik ez, azken hamabi urteetan pilatutako etxebizitza ondarea ere nabarmendu du, 1999. urtean zuen 300 etxebizitzetako poltsa laukoiztu delako. Denera, alokairuzko 1.371 etxebizitza eta apartamentu ditu zorroan.
Etxegintzak alokairuan duen ondare hori xehetuta, 954 etxebizitza babestutakoak dira, 177 gazteentzako apartamentu eta 44 edadetuentzako apartamentu. Zenbateko horrek, hala ere, gora egingo duela nabarmendu du Jorge Letamendiak, Pagolan, Puion, Montpellier eta Araoz Etxean egiten ari diren etxeak gehitu beharko direlako ondorengo urteetan.
Krisiaren ondorioz, banketxeek kredituak emateko jarri dituen trabak medio, Etxegintzak kredituei aurre egiteko inongo zailtasunik ez duela ziurtatu du Hirigintza zinegotziak. Iaz, entitate publikoak indarrean dituen kredituak ordaintzeko bi milioi euro bideratu zituzten. Alokairu errentetatik, berriz, 2,6 milioi euro jaso zituzten. Hori dela eta, egoerak okerrera eginez gero konponbidea bilatzeko tartea badutela zehaztu du zinegotziak. «Errentak Etxebizitza sailak ezarritakoaren azpitik daudenez, hondamendiren baten aurrean, errentak igotzearekin nahikoa genuke», dio.
Kontratuen kontrola
Maizterren egoera berrikusten du Etxegintzak bost urtean behin. Aurten, Kontadores eta Etxarrieneko 140 etxeetan egin dituzte kontrolak eta hiru maizterri ez diete kontratua berritu.