Astigarrak zuzen irten daitezen zutoinez lagundurik landatzen ari dira (Argazkia: Mikel Goñi)
Itzurrak, palak, borrak eta nekazaritzako beste tresna batzuk ohikoak bilakatu dira egunotan Amara Berriko hainbat lorategitan. Hain zuzen ere, ingurune horretako hamarnaka zuhaitz mozten, eta 200 bat landatzen ari direlako. Bizilagunek inguru txukunagoa izan dezaten ekin diote berritzeari Pagola haztegietako langileek.
Errondo pasealekuaren, Javier Barkaiztegi kalearen eta Amezketarren kalearen arteko guneko zuhatzak dira aldatzen ari direnak. Kentzekoak diren zuhaitzak mota askotakoak dira. Jartzen ari direnak, berriz, astigarrak dira. «200 bat jarri behar ditugula esan digute», azaldu du Katalina Erauso kaleko oinezko zatian ari den langileetako batek.
Umoretsu ari dira, azken egunetako eguraldi onak lagunduta, eta ondo hartzen dituzte bizilagunen esanak. «Ingeniari asko dabil inguru honetan, badakizu…», azaldu du aitzurra eskuan duenak. «Bai, bai. Hemen ere, Zenbat buru, hainbat aburu», erantzun dio beste langileak irribarrea ezpainetan.
Iradokizunak ez ezik, bizilagunen galderak ere jasotzen dituzte langileek, galdegiterik ohikoena zuhaitz motarena dela. Izan ere, inguruetan bizi direnek auzokide izango dituzten landare berriak ezagutu nahi baitituzte.
Astigarra aukeratzeko arrazoia ere jakin nahi dute askok. Teknikariek zuhaitz mota hau hautatu dute hainbat arrazoirengatik. Estetikoki inguruneari batasuna emateko deliberatu dute mota bakarra landatzea. Espeziea, berriz, gorantz hazi eta etxe altuen artean, eguzki gutxi jasota, ondo moldatzen delako hautatu dute. Hala eta guztiz ere, izango dira beste mota bat begiz joko luketen bizilagunak. Izan ere, hemen ere, zenbat buru, hainbat aburu.