Azu Muguruza: "Kirol igoera lortuta ere, ezingo ginateke mailaz igo"
Bikain ari da EHU Ibaeta aurten ere, baina egoera ekonomikoa larria dela ohartarazi du taldeko entrenatzaileak.
Iazko denboraldia ezin hobea izan zen EHU Ibaetarentzat eta, errepikatzea zaila bazen ere, berriro ere bikaina lortu du. Emakumezkoen Espainiako Bigarren Mailan lehiatzen ari da taldea bosgarren denboraldiz jarraian eta, Liga bukatzeko jardunaldi bat falta den arren, iaz bezala, igoera faserako sailkatua dago Azu Muguruzak zuzentzen duen taldea.
Denboraldi hasieran Irutxuloko Hitzak Muguruza elkarrizketatu zuen. Ordukoan, lehen helburua taldea finkatzea zela aipatu zuen, baina, lan onaren ondorioz, multzoko liderrak dira momentu honetan. Berriro ere entrenatzailearekin hitz egin du egunkari honek. «Egia esan, iaz oso denboraldi ona egin genuen eta bagenekien hori errepikatzea oso zaila izango zela. Ez genuen halakorik espero. Gainera, jokalari garrantzitsu bat galdu genuenez, jubenil bat igo behar izan genuen. Hala ere, oso pozik gaude, denboraldia ezin hobea izan baita», onartu du Muguruzak.
Plantillaren gehiengoa iazko berdina den arren, Liga oso gogorra dela azpimarratu du entrenatzaileak. «Faktore askok eragiten dute, baina dena oso ongi atera zaigu. Jubeniletatik igotako bi jokalarik normalean talde titularrean jokatzen dute». Taldeko pare bat anotatzaile Ligan nabarmendu diren arren, talde lana azpimarratu nahi izan du entrenatzaileak. «Bi jokalarirekin maila mantentzea lor dezakezu, baina horrekin ez duzu taldea egiten. Gainontzekoek oso ongi babesten dituzten jokalariak dira». Hari horri tiraka, Muguruzak argi dauka zein izan den taldearen aurtengo giltzarria. «Jokalariek egindako eguneroko lana eta osatu duten pertsona talde ederra izan dira gakoak. Oso ongi egin dute lan eta beraien artean asko lagundu dira».
Igoera, ezinezkoa
Orain arte, jokatutako 25 partidetatik 21 irabazi ditu Donostiako taldeak eta Liga bukatzeko azken jardunaldia baino ez da falta. Ligako azken partida hori garrantzitsua izango da. Izan ere, EHU Ibaeta bere multzoko liderra da eta Canoeren aurka jokatuko du, bigarren sailkatua. Beraz, asteburu honetan jakingo dute zein izango den multzoko irabazlea. «Ligak iraun duen bitartean liderrak izan gara %90ean, baina Madrilen jokatuko dugu lehen postua. Partida baten aldea dugu eta irabazten badigute, aurretik jarriko dira, average-a euren alde baitute», azaldu du entrenatzaileak. Behin partida hori jokatuta, igoera faseko partidak erabakiko dituzte.
Aurreko denboraldian babeslerik gabe geratu zen EHU Ibaeta eta oraindik toki hori betetzeko dauka. «Oso arazo larria da eta ahal bezala bizirauten ari gara, esfortzu handia eginez. Honela jarraitzea ezinezkoa izango den momentua irits daiteke». Horrela, igoera lortuta ere, ezinezkoa litzateke taldea ekonomikoki mantentzea. «Kirol igoera lortuta ere, ezingo ginateke mailaz igo. Gure egoeran ezinezkoa da». Igoera fasea Zamoran jokatuko dute, apirilaren 28tik maiatzaren 1era. «Ligan eman dugun maila bera ematea da gure helburua».