Familia Santuaren elizako dorrea berritzen ari dira (Argazkia; Xabier Etxabe)
Aldamioek inguratzen dute Amarako Familia Santuaren elizako dorrea. Eraikina estaltzen duten harlauzek ezin izan diote hezetasun indartsuari eutsi eta zartatu egin dira. Hori dela eta, dorrea eraberritzea erabaki dute. Harlauzak bata bestearekin ondo lotzeaz gain, beira-leihoak ere berrituko dituzte. Dena den, dorreak orain arteko itxura mantenduko duela zehaztu du Juan Martin Agirre Iruin parrokoak.
Lan horietarako 100.000 euroko inbertsioa egin dutela azaldu du. Diru-bilketan «jendearen laguntza funtsezkoa» izan dela azpimarratu du. Hiruzpalau hilabete beharko dituzte egitekoa bukatzeko.
1964. urtean inauguratutako elizaren arazoa Amaran ez dela salbuespena adierazi du parrokoak. 60. hamarkadan Sahats plazan nahiz inguruan altxa ziren eraikinetan arazo berbera dutela azaldu du. Antza, eraikinen planoak Madrilen egin zituzten eta, parrokoak adierazi duenez, bertako hezetasun neurriekin egin zituzten kalkuluak. Argi dago, Donostia Madril baino hezeagoa dela.
Teilatua
Hezetasunak, dena den, ez du dorrean bakarrik erasan. Duela zazpi urte eraberritze lanetan aritu zirela adierazi du Agirre Iruinek. Teilatua konpondu zuten hartan, sabaia eusten zuen egurrezko egitura ustelduta baitzegoen.