Arroka plazak beteko duen eremua (Argazkia: Xabier Etxabe)
Udalbatzak hartutako erabakiak urtebete besterik ez du iraungo. Izan ere, uztaila bukaeran adostu zuten Amara Zaharrean eratuko den plaza berriari Nelson Mandela izena jartzea; erabakiak, ordea, hautsak harrotu zituen amaratarren artean eta Udalak auzotarren eskaera onartu duela argitu dute Amara Bai auzo elkarteko kideek. Honela, Nelson Mandela plaza zena Arroka plaza bihurtuko da. Uztaileko udalbatzarrean hitzartuko dute aldaketa.
Udalak eta Amara Bai elkarteak atzo egindako bileraren emaitzarekin pozik ziren auzo elkarteko kideak, jendearen babesari esker, auzotarren nahiak egin duelako aurrera.
Amara Zaharrak izango duen itxuraldaketaren eraginez, Arroka izena oraingoa baino laburragoa izango zen kale batera mugatuko zela jakin zutenean, sinadura bilketa jarri zuen Amara Bai elkarteak abian. Ekimen horrek babes zabala izan zuen, 700 sinadura bildu baitzituzten. Halakorik ez zutela espero aitortu dute.
Jatorria
Amara Zaharreko parrokoak Irutxuloko Hitzari azaldu bezala, Arroka, Easo plazatik elizarainoko tartea zen. XX. mende hasieran-edo, Arroka izeneko baserria zegoen inguru horretan, frontoia dagoen lekuan gutxi gorabehera.
Udalak, gainera, Easo eta Amara kalearen artean zegoen guneari Arroka izena mantentzea erabaki zuen, 1947an.