Usandizagako ikasleek Cuxvaheneko fabrika bat bisitatu dute. (Argazkia: Jone Velasco).
Lan berezia daukate aste honetan Usandizaga institutuko hainbat ikaslek. Zehazkiago Alemaniako Cuxhavengo eskola batekin truke proiektuan ibilitakoak dira, egunotan, Comenius programa zer den azaltzeko ahaleginetan ari direnak. Laburbilduz Europako Batasuneko herrialdeek elkarren berri izateko ekimena da, eta, ikasleek diotenez, «errepikatzeko moduko» bidaiak ahalbidetzen ditu.
Usandizaga institutuko geletara itzuli dira ikasleak oporraldien ondoren. Horien artean, baina, badago aste honetan ez-ohiko lana izango duen taldea; izan ere, Comenius Week izeneko astean murgilduta baitaude horiek bete-betean. Horrek esan nahi duena zera da; Comenius izenaren azpian biltzen dena azaltzeko egunak izango dituztela. Hain zuzen ere, bertatik bertara ezagutzen baitute Europako Batasunaren programa honen barruko elkartruke ekimena; martxoaren hasieran Cuxhaven-eko 17 ikasle izan ziren Donostian. Hilabete beraren bukaeran, donostiarrek ezagutu zuten Alemaniako hiri txikia.
Comenius Week-en barruan Eva Sorondo eta Haizea Ramos bideo bat prestatzen ari dira. Sorondo eta Ramos ez dira aurten Alemanian izan, baina hango ikasleak izan dituzte beraien etxeetan. Datorren urtean txangoa egingo dutela adierazi dute ere. Ondo ezagutzen dute, beraz, Europako Batasunaren ekimena, eta ikaskideen esperientzia bideo batean ari dira biltzen programa zertan gauzatzen den erakusteko.
Alemaniara joan diren ikasle guztiei elkarrizketa bera egin diete, denei hiru galdera: Zer izan da hoberena? Hitz bakarrean bidaia laburbildu eta Errepikatzeko prest al zaude? Ramosek dioenez, denek hitz bera erabili dute trukearen esperientzia laburbiltzeko: «ona».
Astebetean, belarria ohituta
Bideorako elkarrizketetan esperientzia errepikatzeko gogoa denek erakutsi dute ere. Horien artean dago Aines Belloso. Belloso martxoaren bukaeran Cuxhavenen izan zen bere ikaskideekin. Besteen moduan ere ontzat jo du esperientzia, gauza ezberdinak ikusteko aukera izan duelako. Usandizagako ikaslea gehien harritu duena hango eskolaren ordenua izan da. «Egun batean 10 eskola ordu, eta hurrengoan 4, oso bizimodu ezberdina dute han».
Trukearen bi aldietan ingelesa erabili dute elkar ulertzeko hizkuntza gisa. «Gehienok denbora gutxi daramagulako alemana ikasten-eta», adierazi du Bellosok. Hala ere, «astebetean belarria ohitu egiten zaizu, eta itzultzean joan ginenean baino gehiago ulertzen nuen». Kontakizun hauek, eta beste batzuek, erakusten dute Comenius zertan datzan. Hizkuntzez, ordutegiez, gauzak egiteko molde ezberdinez eta, funtsean, Europa barruko aniztasunaz ikasleak jabe daite