Grafitiekin bukatzeko herritarren laguntza eskatu du alkateak
Gogaituta dago Odon Elorza alkatea kale bazterretan dauden grafitiekin. “Lagunen, neskalagunaren edo mutilagunaren arreta deitzeko egiten diren zirriborroekin” nazkatuta dago eta horiekin amaitzeko udaltzainen eta herritarren laguntza eskatu du. Laguntza, kale bazterrak zikintzen dituzten horiek harrapatzeko.
Espraiz egiten diren zirriborro horiek auzoetako kaleei itxura “negargarria” ematen diela erakusteko, Intxaurrondoko Gabriel Zelaia plazan izan zen atzo alkatea, margoz zikindutako Agustin Ibarrolaren Siluetak eskultura nola garbitzen zuten ikusten. Ibarrolaren eskulturaz gain, Txillidaren Haizearen Orrazian edota Pasealeku Berriko Oteizaren lanak ere zikindu dituztela eta inondik inora ez dela onargarria adierazi du.
Ekintza horiek zigortzeko bitartekoak, ordea, egon badaudela zehaztu du eta gizalegez aritzeko araudiak pintada egileentzat zigorrak ezartzen dituela gogorarazi du. Arinenetik hasi, larrienetara, isunak 601-3.000 euro artean mugatzen ditu araudiak eta hiriko ondarea kaltetzen duten horiek zigorrik larriena merezi dutela dio Elorzak. “Auzoei axolagabekeria traza” ematen dien jokabide horiekin amaitzeko Europan neurriak ezarri dituztela eta hirian ere “hezkuntza eta isun gehiago” beharrezkoa dela adierazi du. “Margotu nahi badute euren etxeetan egin dezatela”, gaineratu du.
Udalaren “utzikeria”
Inongo grafitirik gabe, hiriko beste eskultura askotan “utzikeria” nagusi dela salatu du Ezker Batua-Berdeak taldeko Kintxo Gomezek. Gabriel Zelaia plazaren ondoan dagoen Ibarrolaren Ume jokoa eskultura, esaterako, “lizunez beteta” dagoela eta umeentzat arriskutsu dagoela adierazi du.