Euskara eta kirola, udan gozatzeko aukerak
Uda telebistari begira igaro nahi ez dutenek zer egin pentsatzen hasi beharko dute jada, izen emateko epeak egunotan zabalduko dituztelako. 2000tik 2006ra bitartean jaiotako haurrentzat Oporretan Euskaraz ekimena antolatu du Euskararen Udal Patronatuak beste urte batez. Uztailean zehar mota guztietako jarduerak euskaraz egiteko udaleku irekiak dira. Umeak udan asper ez daitezen, ostirala baino lehen eman behar da izena. Denera, 936 umerentzako lekua egongo da. Jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera 78 talde osatuko dituzte, eta bakoitzean hamabi lagunentzako lekua egongo da. Plazen zozketa maiatzaren 11n egingo dute.
Euskaraz gorputza astindu eta kirol egitea ahalbidetzen dute, era berean, Donostia Kirolak udaro antolatzen dituen udako ikastaroak –Uda 2011–. Eskaintza zabala da, 62 kirolen artean hauta daitekeelako. Plaza kopurua 50.013 dira. Adin guztiek dute, gainera, kirolik gogokoenean izena ematea: 16 urtetik beherakoentzat 30.387 plaza baitaute; 16-29 urte arteko gazteentzat, 10.227 plaza; eta helduentzat, 9.399. Plaza kopurua zabala den arren, lehenbailehen aztertzea komeni da, aurre izena ematea maiatzaren 9tik 12ra egingo delako.
Uda 11ko kirolen zerrendan igeriketa, tenisa, surfa eta piraguismoak arrakasta gehien badute ere, aurten bada berritasunik: gondolin, long skate, urpeko igeriketa nitrox modalitatean, urpekaritza arnasgailuduna, gurpil gaineko patinajea hiriko ibilbide desberdinetatik edota bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak. Kirol egokituari ere tartea egin diote.