Informazioarekin batera mapa bana jaso dute hitzaldian presoek. (Argazkia: Mikel Goñi).
Giltzapean egonda ere, ibilaldi luzeen inguruko jakin mina dute Martuteneko presoek. Jaurlaritzako Kultura eta Turismo sailek Santiago bidea ezagutarazteko hitzaldia antolatu dute espetxe barruan, hizlarien artean Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohia egon dela. Kuriositateak, mintzalarien ospeak edota kartzelaren errutina hausteko gogoak erakarrita, 40tik gora entzule bildu dira Done Jakue bidearen ingurukoak entzuteko.
Cabestany izan da, espetxeko askorentzat, erakarle nagusia eta saioa hasi baino lehen ez dira gutxi izan kirolariarekin argazkia atera nahi izan dutenak. Bien bitartean, hitzaldira joan behar al duzu? zen galderarik entzunena, patioan zeudenen artean. Lau dozena inguru ziren entzuleak, eta, bertan lan egiten duten boluntarioen esanetan, arrakasta handia izan da gela lepo betetzea; «hitzaldietan ez da horrenbeste jende biltzen».
Itziar Aloria historialariak eman ditu Santiago bidearen inguruko lehen azalpenak, eta baita lehen galderen erantzunak ere; «ez, jatorrian ez zen bide turistikoa, nahiz eta aberatsek egiten zuten».
Umorea, nagusi
Kartzelan egonagatik, Langraitzeko preso talde batek Santiago bidearen tarte bat egiten aritu direla jakin badakite Martutene barruan bizi direnek, eta beraiek ere aukera hori izango duten galdetu dute. Ez hizlariek, ezta boluntarioek ere, ezin izan diote itaun horri erantzunik eman.
Cabestanyk eman du erromesaren ikuspuntua, eta, era berean, bera izan da presoen galdera eta iruzkin gehien sortu dituena. Umoretsu ekin dio bere kontakizunari. Patiotik entzun ahal izan dira entzuleen barre algarak hainbat pasadizo kontatu dituenean. Gauza bera gertatu da, preso batek besteei gogorarazi dienean, Santiago bidea osatzeak ez duela kartzela zigorra arintzen.
Kultura eta Turismo sailak antolaturiko jarduera izatea bitxia ote zen presoei galdetzean, irribarrea ikusi ahal izan da itaunduaren aurpegian; baina, «edozein modutan hitzaldia primerakoa» izan dela erantzun du.
Hitzaldia ez da izan presoen errutina hautsi duen bakarra. Kazetariei ere egokitu zaie, saioa bukatu ondoren, presoen galderei erantzutea: «Zer gertatuko da Bildurekin?», edota «Zuk lehen
teleberria aurkezten zenuen, ezta?». Elkarrizketatxo hauek kartzelako hesiak, une batez, botatzeko balio izan dute; hain zuzen ere, Turismo sailaren ekimenak ihesaldirako proposamena izan den modu berean.