Pentsiodunek kargua uzteko eskatu diote Markel Olanori
Erakundeek haien aldarrikapenei «entzungor» egin dietelako kexu dira erretirodunak
Gipuzkoako Pentsiodunek nota jarri diote Aldundiaren azken legealdiari. Ikasturteetan egiten den bezala, azterketa egin diote diputatu nagusi den Markel Olanori, eta haien ustez, «ez du gainditu». Hainbat «ikasgaietan» huts egin duela diote: politika fiskalean, zerbitzu sozial publikoen sarean, etxez etxeko zerbitzuetan, eta pentsioen bermean, hain zuzen. Horregatik, «kargua uzteko», eta «bere ardura hobeto beteko duen pertsona bati» uztea eskatu diote; «argi geratu da Olano eta bere alderdia ez direla euren lana egiteko gai izan, ez digute gure eskubideen bermerik eman».
Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten atzo: «beste behin ere gure etsipena, haserrea eta nazka adierazteko». Pentsiodunen hitzetan, «erakundeek entzungogor egin diete gure aldarrikapenei. Bakar batek ere ez du gure herriko erretirodun eta pentsiodunen onurako politikarik egin. Aitzitik, Madriletik ezarri ohi dituzten politikak kudeatu, eta gizarte zerbitzuetan murrizketa egin dituzte. Besterik ez».
Pankartaren leloaren harira, «Hemen bizi, zerga eredua hemen erabaki», Zerga politika «aurrerakoia» aldarrikatu dute: «bakoitzaren benetako errentaren arabera ordaindu beharko genituzke zergak». Enpresarien zerga iruzurra, zerga paradisuak eta ezkutuko ekonomia desagertu ez izanak «zerga presioa horren apala izatearen zergatia azaltzen du». Haien ustez, «zerga presioa handitzeko eta egungo gizarte babesa hobetzeko tartea badago».
Pentsioen izoztearen inguruan ere kexu agertu dira: «Bataz besteko pentsioa 900 inguruan dago. Emakumeena berriz, 650 eta 700 bitartean. Hemen bizi bagara eta hemen lan egiten badugu, bertan kontrolatu eta erabaki beharko dugu hilero kentzen dizkiguten kotizazioak eta jasotzen ditugun prestazioak.