"Herritarrekin egin nahi dugu herria", dio Izagirrek
Herritarren partaidetza ulertzeko bide berria zabaldu nahi du Bildu koalizioak. Bide hori auzo elkarteekin batera egin nahi dute. Hala, Bilduren agerraldia babestuz, Bidebietako, Egiako, Loiolako, Altzako eta Amarako auzo elkarteetako ordezkariek parte hartu dute gaurkoan.
«Herri informatuagoak erabakietan modu aberatsagoan parte hartzen» duela uste du Juan Karlos Izagirre Bilduko alkategaiak. Egungo Udalak «informazioa ezkutatu» eta «okultismo nabarmenarekin jokatzen» duela esan du Izagirrek.
Egoera hori aldatzeko, zenbait proposamen jarri ditu koalizioak mahai gainean: udal batzordeak irekiak izatea, udalbatzarretan edozeinek galdera bat egiteko aukera izatea edota Udal Gobernuko bilerak alderdi guztiei irekiak izatea. Alkategaiak baieztatu duenez, «herritarrekin egin nahi dugu herria». Horretarako, erreferendum eta kontsultak eguneroko tresna bihurtuko direla azpimarratu du.
Horrekin batera, Udalaren lana Ijenteatik haratago zabaldu nahi dute, eta informazioa eman eta herritarren proposamenak jasotzeko gune gehiago eratu nahi dituzte. Altza, Igeldo eta Zubieta
Izagirrek, halaber, Altza, Igeldo eta Zubieta aipatu ditu. «Beste zer edo zer nahi badute eta gehiengoak hala erabaki badu, Bilduk errespetatuko duela», azpimarratu du Juan Karlos Izagirre alkategaiak.