Berrikuntza sustatzeko Udalak ez duela dirurik bideratzen salatu du Galdosek
Langabeziarekin amaitzea hurrengo agintaldiko jomugarik garrantzitsuenetakoa izan behar duela azpimarratu du Iñaki Galdos Hamaikabateko alkategaiak. Berrikuntza eta ezagutza indartzea hiria suspertzeko muin izan behar duela argitu du Galdosek. Helburu hori aintzat hartuz, Jose Ramon Guridi Hamaikabateko hautagaiak azken lau urteetan gidatu duen Aldundiko Berrikuntza sailak egin duen lana txalotu du. Aitzitik, Udalean berrikuntza hitzez sustatu bai, baina behar zenetan dirurik ez dutela bideratu salatu du. «Teknologia parkeetan kapitala handitzeari Udalak uko egin dioenean, kasu», esan du alkategaiak.
Hamaikabatek, honenbestez, zientzia, teknologian, ezagutzan eta berrikuntzan egin nahi du indar. Horretarako, Miramongo teknologia parkea eta Ibaetako unibertsitate gunea ardatz bilakatu behar direla zehaztu du. Bestalde, hirian garrantzia handia izan duten arloek, hau da, turismoak, merkataritzak eta gastronomiak, eraberritzen eta sendotzen jarraitu behar dutela gehitu du Iñaki Galdosek; lanpostu berriak eratzeko arloak izan daitezkeelako. Garai berrietara egokitzeko urratsak ematen jarraitu behar dutela esan du.