Javier Sun: "Kilometro asko egin ditut Bob Dylan ikusteko"
Bob Dylanek 70 urte beteko ditu bihar, eta hainbat herrialdetako zaleek omenaldiak prestatu dizkiote. Le Bukowskin ere bai. Javier Sunek Minnesotako abeslariari kantatuko dio, bere urtebetetzean.
Javier Sun bihurtu baino lehen, Javier Alonso musikari egiatarra Los Scooters mod bandako liderra izan zen. Bakarkako ibilbidean zehar hainbat kultuko artisten kantuak interpretatu zituen; Dylanenak batez ere. Haren idoloaz hitz egin du Irutxuloko Hitzarekin.
Zergatik bihurtu da Bob Dylan hainbat belaunaldiren eredu?
Boladak eduki dituela esango nuke. Publikoa eta kritika ez du beti bere alde izan. Ni Bob Dylanen musika entzuten hasi nintzenean ez zen ezerren eredu. Gutxi batzuk ulertzen zuten ni Dylan zalea izatea.
Eta zu zeu zergatik zara zalea?
Denbora igaro ahala, Bob familiako kide bat gehiago bihurtu da. Bere musikak eta bere estiloak beti harritzen nau. Bere abestiek hunkitu egiten naute; gauzak ekartzen dizkidate gogora.
Noiz entzun zenuen lehen aldiz?
Lehen oroitzapena behintzat, 12 urte nituenekoa da. Lagun baten etxean nintzen, eta bere anaia zaharrak Desire diskoa zuen. ‘Hurricane’ kanta topera jarri ohi zuen. Benetan zaletu ninduena, ordea, ‘Changing of the guards’ kanta izan zen. Egiako jolas etxeko jukeboxean jarri ohi zuten. Orduan dena aldatu zen.
Zein da zure abesti gogokoena?
Uf! Gehiegi dira. Oso zaila da bakarra aukeratzea. Diskografiari dagokionez, 1964a eta 1966a bitartean egindako lanak azpimarratuko nituzke; eta baita azken hiru diskoak ere, arima dute.
Nolakoa izango da biharko kontzertua?
Gehien hunkitu nauten abestiak joko ditut, gehien markatu nauten horiek. Nire kanta batzuei hautsa kendu eta horiek ere abestuko ditut. Egun polita izatea espero dut.
Inoiz ikusi al duzu zuzenean?
Bai, hamabost aldiz. Kilometro asko egin ditut Bob Dylan ikusteko. Duela lau urte Parisen eman zuen kontzertua gustatu zait gehien.
2006an Zurriola hondartzan jo zuenekoa ez zenuen galduko…
Han izan nintzen bai. Baina ez zen haren musikaz gozatzeko leku egokia. Beste zerbait ikustera joan zen jende uholdea bildu zen bertan. Edo beste zerbait espero zutenak. Soinu ekipamendua txiki geratu zen… ‘Girl of the north country’ eta ‘Maggie’s farm’ abestien berrikusteak, ordea, ez ditut ahaztuko. Maisuki interpretatu zituen. Zurriolako kontzertua baino bi egun lehenago Valladoliden ikusi nuen. Bi metrora izan nuen Bob Dylan, eta zoragarria izan zen.
Inoiz Bob Dylan ezagutzeko aukera izango bazenu zer esango zenioke?
Ziur asko ez nioke ezer esango. Eskua eman eta bedeinkatutzat joko nuke neure burua.