Txirrindulariak bidegorria noiz irekiko zain daude
Ekainaren erdialdetik aurrera, San Juanen bueltan, dute Kontxako aparkalekua eta hura estaltzen duen Cervantes plaza zabaltzea aurreikusita. Ordurako hilabete falta bada ere, plazaren zati bat zabalik dago jada.
Astelehenean zabaldu zituzten, halaber, Andia eta Miramar kaleak. Garraio publikoak soilik du bertan barneratzeko baimena, bestelako ibilgailuen sarrera debekatuta dutela adierazten duen seinalea, ordea, bazter batean dago alboratuta, eta auto ugari dira jaramonik egin gabe sartzeko hautua egiten dutenak.
Plaza zeharkatzen duen bidegorria bukatu gabe dago, eta txirrindulariak gora eta behera ibili behar dira. Bizikletatik jaitsi eta espaloitik barrena joateko beste irtenbiderik ez dute. Erdialdetik datozenek, behinik behin, Andia kalera heltzerakoan, errepidera salto egin ala, bizikleta albo batean jarrita,oinez egin behar dute Askatasunaren hiribidera iristeko bidea. Antiguatik datozenek, berriz, zailagoa dute, garraio publikoa kontrako noranzkoan datorrenez ezinezkoa dute errepidetik joatea. Buruhauste honen aurrean txirrindulariek ahal dutena eta egokien iruditzen zaiena egiten dute.
Hauteskunde kanpainan Aurreko astean, hauteskunde kanpaina bete-betean zela, mugitu zituzten Cervantes plazako zati batean hesiak. Honenbestez, orain, jira- bueltarik eman gabe, Askatasunaren hiribideko atari bikoitietako espaloitik zuzenean hel daiteke Kontxa pasealekura. Pasabide horretatik, gainera, Cervantes plazak izango duen behin betiko itxura irudikatzeko aukera dute oinezkoek.
Plaza nolakoa izango den ikusteaz gain, hesien atzetik bada ere, On Kixote eta Santxo Panzaren eskulturari begira egoteko aukera dago.