Arineketan, 100 urte pasatu dira
Fortuna Kirol Elkartearen mendebeteko ibilbidea biltzen duen erakusketa ekainaren 5a arte bisitatu ahal izango da Kutxa Boulevard aretoan; hiriaren kirol bizitzaren protagonistaren gora-beherak iruditan jaso dituzte.
Donostiar guzti guztiek ezagutzen dute Fortuna Kirol Elkartearekin zerikusia duen norbait; bai bertako kidea delako edota beraiek antolatutako zerbaitetan parte hartu duelako. Hori dela-eta, ekaina arte ikus daitekeen Fortuna, 100 urte kirolean herritarren interesekoa izango da. Argazkiek eta hainbat objektuk laburbiltzen dute lagunarte kirol zale honen mendea.
Futbola, arraunketa, eskalada, igeriketa… Donostian kirolean jardun duen edozeinek ezagutzen du Fortuna Kirol Elkartea. Bere taldeetan edota haren kontrakoetan arituko zirelako, ziur aski. Ez dira gutxi izaten elkarteak antolatutako Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen dutenak, Gipuzkoako kirol probarik jendetsuena baita. Hori horrela, ez da zaila Kutxa Boulevard aretoko Fortuna, 100 urte kirolean erakusketa interesgarria gertatzea bertatik pasatzen den ororentzat.
Elkartearen jatorria 1911. urtean dago, eta erakusketak mende honetan mugarri izan diren uneak jasotzen ditu. Argazkiak dira erakusgai gehienak; baina, horien ondoan hainbat objektuk ere bere tartea dute. Hala nola, aspaldiko eski taula parea edota elkarteko bazkide izatearen agiri zaharrak dira denen begien aurrean jarri dituzten gauzetako batzuk.
Fortunako kirolariek erabilitako hainbat elastiko ere ikus daitezke erakusketako beirazko kutxetan. Horman jarritako pantailan, berriz, argazkiek eta bideoek osatutako ikus-entzunezko lan bat dago. Izan ere, areto horretakoak baino horma gehiago beharko lirateke azken 10 hamarkadek eman dituzten irudiak ipintzeko. Dena den, ikusle guztiek aurkituko dute lagunen bat edo beste zuri-beltz zein koloretako irudietan. Hau da hau, Non dago Wally? joko donostiarra.