Iazko aurkezpeneko irudia (Argazkia: Mikel Goñi)
Traineruaren jarraitzaileak txuriz jantzita joateko deia egin dute, elkarrekin argazki bat ateratzeko.
Donostiarra Arraun Elkarteak bazkidearen eguna ospatuko du datorren ekainaren 12an, 12:30ean, arrantzaleen kofradiaren aurrean. Gonbidapen deia zabaldu du Alberto Goitia presidenteak, klubaren webgunearen bidez. Arraun denboraldia hastera doanez, «indarrak batzeko ordua» iritsi dela dio Goitiak, «denak norabide berean arraun egiteko, eta, horrela, gure helburuak lortzeko». Gainera, «ilusioz gainezka» daudela azpimarratu du, eta kirol maila hobetzen joateko asmo sendoa dutela dio. Hala, bazkidearen egunean, hamaiketakoa eskainiko dute eta, hantxe egongo dira lehen eta bigarren taldeko arraunlariak.
Gainera, klubeko kideek txuriz jantzita joateko deia egin diete jarraitzaileei. Guztiek elkarrekin argazki bat ateratzeko. Salamanca hiribidean klubak duen egoitzan eros daiteke Donostiarrako arropa, eta, bazkideek, %10eko deskontua izango dute bertan.
Bestetik, aurkezpenera joango diren bazkide guztien artean, Urkatx arraindegiak eskainitako mariskada eder bat zozketatuko dute.