Korumba taldeko kideak. Xabier Aierbe, ezkerretik bigarrena. KORUMBA
Groseko Xabi Aierbe gitarra jotzaileak Korumba taldearekin joko du Larratxoko jaietan, ekainaren 10ean
Afrikako tribu baten maskararen izena darama Korumba taldeak. 2001ean elkartu ziren kideak. Groseko Xabi Aierbe gitarra jotzaileak, handik hiru urtera egin zuen bat musika proiektuarekin: «Egunkarian gitarrista bat behar zutela irakurri nuen iragarki batean. Deitu egin nuen; eta horrela hasi nintzen». Kromletx taldeko kide izan zen urte batzuk lehenago. Beti metala eta heavyaren inguruan aritu da lanean Aierbe: «Musika hori dut gogoko. Beste estilo batzuk ere, baina gehien gustatzen zaidana hori da».
Gizateri izena du Korumbaren bigarren diskoak. Igor de Castro (bateria jotzailea), Blas Erbiti (gitarra), Juan Rial (baxua) eta Julen Etxegarai (abeslaria) kideekin batera grabatu du Aierbek. Boskotearen metal estiloan eboluzio argia izan dela dio Aierbek: «Gure originaltasun puntua zera da, abesti desberdinak ditugula. Batzuk motelagoak, beste batzuk azkarragoak… Lan berrian inoiz baino indartsuago aritu gara».
Abesti gehienak euskaraz grabatu badituzte ere (Zaintzaren Zeinua, Lapurrak, Gizateri, Denona dena…); badira bi gazteleraz (Miradas, Entropia); eta beste bat, italiako poeta baten hitzak dituena (Cecco). «Danteren garaiko olerkaria da. Fernando amezketarraren antza antza hartu genion. Bizimodu bitxia izan zuen. Justiziatik ihesi ibili zen, bizitzari buruz idazten zuen…». Lagun bati esker ezagutu zuten haren poesia. Bera donostiarra da, baina bere aita, italiarra, eta hark proposatu zigun abesti batean sartzeko».
Lan hau Phantom estudioetan grabatu, nahastu eta ekoitzi zuten 2009ko abendua eta 2010eko azaroa bitartean. Oraingoan ere, lehen maketa eta lehen diskoa bezala, eurek ekoitzi dute.
Guardetxean aurkeztu zituzten kanta berriak joan den. Hurrengo kontzertua Larratxoko jaietan egingo dute, ekainaren 10ean. Hira eta Sindrome de Parker taldeekin joko dute: «Gau kañeroa izango da».
Diskoa aurkezteko biran buru belarri ari dira. Abuztua erdialdean Bielorrusiara joango dira: «Crowd Metal Festivalera joateko gonbitea luzatu digute. Metal gogorrenaren taldeak elkartzen dira bertan. Gure managerra bertako talde batekin jarri zen harremanetan, Apocrypha. Gu hara joan, eta haiek Euskal Herrira etorriko dira». Bidean, Polonian zehar joko dutela esan du musikariak: «Handik itzultzean Lorcan ere jotzekoak ginen, baina lurrikara eta gero ez dakit aurrera egingo duen. Egiten badute, lurrikarak kaltetutakoen aldeko ekimena izango da».