Jackson Browne Zurriolan ariko da Jazzaldian
Viktoria Eugenian jo zuen azken azken aldiz, 2009an. Time the Conqueror diskoa aurkeztu zuen urte hartan. Oraingoan Jazzaldiak ekarriko du hirira. Zurriola hondartzan, eszenatoki berdean joko du, doan. Uztailaren 24an izango da kontzertua, 00:30ean. Iaz argitaratutako lan berriarekin itzuliko da; Love is strange laneko kantak joko ditu. Jackson Brownen hirugarren bisita izango da udan egingo duena. Lehen aldiz Kursaalen izan zen, 2003an. Pop-rockaren figura garrantzitsuenetakoa da AEBetako musikari eta konpositorea. 70eko hamarkadan hasi zen musikan, eta harrez gero hiru hamarkada eman ditu lanean.
Egun berean, uztailaren 24an, Dawes taldea izango da hondartzan, 21:00etan. Uztailaren 22an jotzekoak ziren, baina emanaldia atzeratu egin dute. Bestalde, Deer Tick taldeak bertan behera utzi du kontzertua, ez baitute Europako bira egingo. Haiek ere uztailaren 22an jotzekoak ziren. Fanfarlok ere ez du joko Donostian. Uztailaren 21ean, inaugurazioko Jazz Band Ball festan Aloe Blacc abeslaria izango dela iragarri du jaialdiak.