Autoek aparkalekura iristeko Zabaleta kaletik duten sarbidea (Argazkia: Xabier Etxabe)
Kanpotik hala ematen ez duen arren, Katalunia plazako aparkalekua zabalik dago. Bizilagunak izan dira lehenak beren autoak gune berrian sartzeko aukera izan dutenak. Gaurtik aurrera bere osotasunean zabalduko dute eta bizilagunak ez direnek ere izango dute bertan autoa uzteko aukera. 2009ko irailean abiarazitako lanak, beraz, azken txanpan dira; aparkalekua zabaldu duten arren, plazako zelaia atontzea eta oinezkoen bidea izango den Zabaleta kaleko eremua txukuntzea falta baita.
Lau solairu ditu Groseko muinean dagoen aparkalekuak, zaharrak baino bi gehiago. Lehenengo bi solairuek 436 plaza batzen dituzte eta txandaka dabiltzan autoentzat dago bideratuta. Azkeneko bietan, berriz, bizilagunek utziko dute autoa. 477 plaza dira denera, eta otsailean egin zuten plazak banatzeko zozketa.
Bizilagunek behin eta berriz aldarrikatu zuten autoa nonbait uzteko premia, askok denbora gehiegi galtzen baitzuten kalez kale bueltaka, aparkatzeko leku bila. Oraindik, hala ere, bizilagunentzako plazen 365 toki bete dituzte. Itxaron zerrendan daudenekin, hurrengo asteetan zehar eskaera guztiak betetzea espero dute.
Bizilagunentzat bizikletak aterpean uzteko hainbat txoko baliatu dituzte aparkaleku berrituan.
Hogeita bi hilabete
Lur azpian egin beharrekoak hein handi batean bukatu dituzten arren, gainazaleko dotore uztea geratzen zaie. Hogeita bi hilabete igaro dira aparkalekua handitzen hasi zirenetik eta Zabaleta kalean denda dutenek majo nabaritu dute lanak mugatzeko jarritako itxituraren eragina. Datozen egunotan bukatuko dute, ordea, Zabaleta kaleko oinezkoen eremua atontzen; eta nabarmena izango da autoak batera eta bestera zebiltzan kalearen eta plazarekin bat egingo duen eremu berrituaren arteko aldea.