Hiru donostiarrek gainditu dute Gpuntuaren lehen fasea
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren lehen faseko azken bi saioak jokatu zituzten igandean, Urretxu-Zumarragan. Maiatzaren 8an hasi zen Gpuntua, eta 60 bertsolari aritu dira bertsotan, hogei saiotan. Puntuazio altuena lortu duten lehen 32 bertsolariek gainditu dute lehen fasea. Hiru donostiarrek eskuratu dute hurrengo saiorako txartela. Añorgako Unai Gaztelumendik lortu du puntu gehien, 611’5 puntu. Zubietako Asier Azpirozek, 598’5; eta Amara Zaharreko Manex Mujikak, 589. Txapelketatik kanpo geratu dira, ordea, Loiolako Gorka Etxeberria eta Igeldoko Imanol Lizarazu. Final zortzirenetarako sailkatuen artean Agin Rezolak (656), Nahikari Gabilondok lortu dute puntu gehien.
Gpuntuak irailean izango du jarraipena. Lehen saioa Andoaingo Bastero kulturgunean egingo dute, irailaren 17an. Oroitz Azurmendi koordinatzaileak lehen faseak «aho gozoz» utzi diela nabarmendu du: «Batez beste 100 lagunetik gora izan dira saio bakoitzean, eta aurreikuspen guztiak bete dira». Bertsolariek ere maila ona erakutsi dutela azaldu du: «Gazte askok lehen aldiz kantatu dute txapelketan, eta bikain aritu dira».
Añorgako Beñat Gaztelumendi bertsolaria urriaren 23an hasiko da lehian, Villabonan. Izan ere, duela lau urteko finalistak zuzenean final laurdenetan hasi ohi dira, eta Gaztelumendik bigarren postua eskuratu zuen 2007an. Aurtengo txapelketa Donostian bukatuko da, abenduaren 18an, Illunben.