Bagera euskaltzaleen elkarteak antolatutako Asteazken Kulturalean hiriak azken 50 urteetan jasandako errepresioa mintzagai izango du, bihar, Joxean Agirre idazleak.
(Argazkiak: Gernikako seme-alabak)
Gernikako seme-alabak. Donostia 1960-2010: Errepresioaren ondorioak hitzaldia izango da, bihar, oporren aurreko Asteazken Kulturalen azken saioa. Euskal Memoria Fundazioak argitaratutako Gernikako seme-alabak liburuaren koordinatzaile Joxean Agirre izango da hizlaria. Idazleak bost hamarkadetan errepresioak donostiarrengan eragindako zauriak gainbegiratuko ditu Koldo Mitxelena Kulturuenan, 19:30ean.
2009an sortutako Euskal Memoria Fundazioaren lehen lana da aipatutako liburua. Era guztietako jazarpena jasan duten pertsonen gertakaria jaso dute bertan, herrialdeka eta eskualdeka banatuz, Euskal Herriaren memoria berreskuratzea eginkizuntzat hartuz. Etorkizuna eraikitzeko bidea baita iraganaren jabe izatea beharrezkoa baita. 50 urte horietan errepresioaren ondorioz hildako 474 euskal herritar zenbatu dituzte; horietako 37, donostiarrak ziren. Epe berean, 2.000tik gora atxilotu zituzten arrazoi politikoengatik, eta 500 donostiar inguru kartzelaratu. Atxilotuetako 450ek tratu txar eta tortura salaketak egin zituzten, eta polizia erakunde guztiek jaso zituzten. Horrez gain, eraso parapolizial andana izan ziren, 200dik gora, horiek direla eta jarritako salaketa guztiak ezerezean geratu ziren arren. Zenbakien atzean ezkutatzen diren gertakarien protagonistak izango dira Agirrek gogora ekarriko dituenak.
Frankismo garaiak ilunak izan ziren donostiar askorentzat. Batzuek, Gipuzkoa plazako beltxargak Aieteko parkera eramateko aintziratik desagertzean, alde egiteko garaia zutela zekiten. Hala egin ezean erasoen jomuga izan zitezkeen. Groseko Vicente Lertxundi Mayoz anarkista zoritxarrekoa bezala. Martuteneko espetxean jipoitu eta erizaindegira eraman ondoren, aske utzi zuten. Polizien arabera, bihotzeko gaitza zuen eta ospitalera eraman zuten. Lertxundi, ordea, balantzaka, Txomin Eneako lehen etxera iritsi, eta bertan hil zen.
Faxisten aurkako ekintzek poliziaren errepresio olatuak eragin zituzten. Hala nola, Altxamentuaren 25. urteurrena ospatzeko Donostiara zetozen eskuindarren trena deskarrilatzeko saiakera, edo Munto baserriaren ondoan izandako eztandak, segurtasun indarrek fitxatutakoen aurkako eraso bortitzak eragin zituzten. Jazarpenaren aurkako protesta indartsuak izan ziren. Esaterako, 1969ko danborradari boikota egin zioten hiritarrek, eta polizia bakarrik izan zen Konstituzio plaza bandera igoeran.
Egia, istiluen erdigune
Urtebete geroago hasitako hamarkada nahasia izan zen. Polizien eta talde parapolizialen jardun etengabeak protesta eta mobilizazio ugari eragin zituen hasiera-hasieratik. Hala ere, diktadorearen gaixotze eta heriotzaren urtea 1975a bereziki gogorra izan zen. Asaldura soziala isilarazteko asmoz salbuespen egoera ezarri zuten. Poliziak manifestarien aurka oldartu, eta suzko armekin tiro egiten zuten, zaurituak eta hildakoak eraginez. Protestariez gain, inguruan zebiltzanak ere zoritxarreko izan ziren hainbatetan. Mobilizazioetatik kanpo ere gehiegikeriak izan ziren. Guardia zibil baten hileta ostean, esaterako, kaleko jantzitako hiru polizik Aitor ikastolako bi haur jo zituzten, eta garai berean, liskarren aurkako 20 polizik Pedro Miguelez konortea galdu arte jipoitu zuten Grosen.
Hauen jardunari Batallon Vasco Español, AAA eta Guerrilleros de Cristo Rey bezalako talde parapolizialena gehitu behar zaie. Oso maiz eta zigorgabetasunean gertatu ziren, Antiguan, Parte Zaharrean eta Egian bereziki. 1976ko maiatzetik urrira, 20 atentatu baino gehiago egin zituzten, eta Guerrilleros de Cristo Rey-k 10 eraso bere gain hartu zituen Antiguan.
1970ko hamarkadako azken urteetan Egia erasoen jomuga zen. 1978ko uztailean Polizia Armatuko talde batek auzoko hainbat atari eta saltoki txikitu zituen. Hilabete batzuk geroago, lau polizia armatuk liskarra izan zuten Bordatxon. Tabernariak jarritako salaketarengatik mendekua hartzeko lehergailua jarri zuten tabernan. Hori ez zen nahikoa izan, eta 1979ko apirilean, zazpi lagunek heriotza mehatxuak egin zizkioten jabeari. Inguruan bildutako jendeak kaleko jantzitako poliziak urduritu, eta tiroka hasi ziren, bi auzotar zaurituz. Istiluak, ordea, ez ziren hor amaitu. Joan den ostiralean 32 urte bete ziren guardia zibil batek Gladys Del Estal Tuteran hil zuenetik. Egian bizi zen gaztearen hileta eta omenaldia poliziaren oldarraldi eta probokazio artean egin ziren. Poliziak auzoa hartu, eta elkartutako milaka lagunak sakabanatu zituen, istilu larriak eraginez. Bestalde, hilabete gutxira, Egia parkean zegoen Del Estalen hilarria txikitu zuten 150 gramo goma-2 erabiliz.
Salbea, gudaleku
Hurrengo urteak liburuan aztertutako gogorrenak izan ziren, 80ko hamarkadan 14 donostiar hil baitziren errepresioaren ondorioz. Izen propio batek garrantzia hartuko du historiaren garai honetan: Enrique Rodriguez Galindo. Donostiara itzuli eta Antiguako komandantzian, lehenik, eta Intxaurrondokoan, ondoren, izan zen. 15 urtetan bere agindupeko guardia zibilek 1.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten, eta hauetako 600 batek tratu txarrak salatu zituzten. Espainiako Barne Ministerioak sustatutako GALen erasoak ere jasan zituzten zenbait donostiarrek. Jose Ramon Iriarte Txerrak, adibidez, bi aldiz, 1987an. Zerbait falta da hemen.
Eskuin muturreko talde parapolizialek ere bere aztarna uzten jarraitu zuten. Loiolako Hontza elkartea, Egiako Arrano, Antiguako Zapatari jatetxea eta Bilintx liburu dendak bonba sukoi eta leherkorrekin eraso zituzten; Antxon Bastarrika ezezagun batzuek bahitu, galdekatu eta torturatu zuten. Gertakari are lazgarriagoa izan zen Loiolan. Guardia zibil baten hilketaren mendeku gisa, Batallon Vasco Españolek 16 urteko neska bat bortxatu eta hil zuen, eta haren bikotekidea larri zauritu zuten.
Polizia kontroletan, mobilizazioetan nahiz armak nolanahi erabiltzearen ondorioz izandako heriotzez gain, jardun politikorik gabeko herritarrek polizien gehiegikeria jasaten jarraitu zuten. 1983tik 1994ra arteko Salbearen ospakizunetan, agintariek udaletxetik Santa Maria elizara egiten zuten laguneria gudaleku bilakatu zen. Ertzaintzaren eta Espainiako poliziaren kolpeek 350 lagun baino gehiago zauritu zituzten urte horietan, batzuk suzko armekin. Istiluak saihesteko Odon Elorza alkateak bertan behera utzi zuen segizioa.
Amaiera gabeko historia
Errepresioaren eragina apaldu arren, bere horretan mantendu zen 90eko hamarkadan. Gogoangarria da Morlanseko gertakari ezaguna. Guardia zibilek lau orduz inguratu zuten Tolaretxe etxea, eta arma asko erabili zituzten ETAko hiru kideren aurka. Beste kasu askotan gertatu zen moduan, poliziek «liskarraren ondorioz» hil omen zituzten.
1995etik aurrera ordena publikoa erabat Ertzaintzaren esku zegoen, eta urte horretan bertan, honen jazarpenaren lehen biktima izan zen. Istiluez ohartu gabe Bakearen Usoaren inguruan zebilen Rosa Zarra gomazko pilota kolpe batek jota hil zen. Semearen hitzetan, ez zen istripua izan, ertzainak nahita kolpatu zuen Zarra.
Ekintza parapolizialak ere mantendu ziren, eta 1999 eta 2001 urteen artean Amara Berriko Ilunbe elkartea eta AEKko euskaltegia, Intxaurrondoko Zulo Zahar eta Añogako ezker abertzalearen egoitza erasotu zituzten.
Mende berrian ere jazarpenak ez dio kronika politikoaren parte izateari utzi. Debekatutako ekitaldi politiko eta manifestazioen aurrean, oldarraldiak izan dira nagusi. Bereziki, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak edo ezker abertzaleak Aste Nagusiko eta estropaden bigarren igandeetako jai giroan deitutakoetan.
Militarren eta talde parapolizialen arrastorik ere izan da hamarraldi honetan. 2001eko Aste Nagusian jostailuzko auto baten barruan ezkutatutako lehergailuak Maritxu Eraunzetamurgil hil, eta haren 16 hilabeteko biloba oso larri zauritu zituen. Polizia txostenen arabera, egileak eskuin muturrekoak edo rol jolas beltz bateko partaideak izan ziren. Bestalde, militarrek liskarra piztu dute behin baino gehiagotan La Kabutzia nahiz Zurriola Maritimo tabernetan.
Ibilbideaen azken geltokia Jon Anzaren desagertze eta heriotza izan da. Intxaurrondotarra 2009an desagertu zenean familiak gerra zikinaren ondoriotzat jo zuen. Handik ia urtebetera agertu zen bere gorpua Okzitaniako Tolosako ospitale batean, bertan identifikatu gabe 11 hilabete eman ondoren.
Izenaren izana eta oroimena
Euskal Memoria Fundazioak egindako ikerketaren arabera, 1960tik 2010a artean, 37 donostiar hil dira ekinbide polizial nahiz parapolizialaren ondorioz. Hilketek izandako oihartzun eta ondorioengatik, batzuen izena, eta beren heriotzaren ingurukoak ezagunak dira. Beste batzuk ordea, ahaztu, desitxuratu edo ezkutatzen saiatu dira. Guztiei aipamena egiten zaie Gernikako seme-alabak lanean, zorte hobeagoa izan ziren zaurituetako askorekin batera. Guztiaz gogorarazteko xedez, jarraian, errepresioak hildako donostiarren zerrenda.
- Vicente Lertxundi Mayoz
- Goñi
- Jose Maria Quesada Lasarte
- Mikel Salegi Urbieta
- Mikel Gardoki Azpiroz
- Jesus Garcia Ripalda
- Jose Ramon Martinez Antia
- Eduardo Moreno Bergaretxe
- Jose Luis Aristizabal Lasa
- Gladys Del Estal Ferreño
- Iñaki Kijera Zelarain
- Justo Elizaran Sarasola
- Maria Jose Bravo Del Valle
- Aurelia Jimenez Gonzalez
- Jose Luis Bakeriza
- Xabier Zabaleta Urretabizkaia
- Fernando Barrio Olano
- Antxon Tolosa Gonzalez
- Jokin Otxotorena Sorondo
- Fausto Galende Villanueva
- Iñasia Zelarain
- Santos Blanco Gonzalez
- Jose Luis Isasa Lasa
- Luis Maria Zabaleta Mendia
- Alejandro Auzmendi Ilzarbe
- Bakartxo Arzelus Arzelus
- Joxe Igerategi Gilisagasti
- Juan Jose Urrutia
- Rosa Zarra Martin
- Aitor Zabaleta Kortazar
- Felix Bikuña Arostegi
- Olaia Kastresana Landaberea
- Maritxu Eraunzetamurgil Alkorta
- Valentin Castellon Alvarez
- Oihane Errazkin Galdos
- Imanol Gomez Gonzalez
- Jon Anza Ortuñez