Bederatzigarrenez Banda Bat elkarteak Urgulleko Kulturarteko Topaketak antolatu ditu. Aste osoan zehar, kanpokoen nahiz bertakoen ahotsak entzun eta elkarren berri izateko aukera izango da.
Banda Bat elkarte sozio-kulturalak Urgulleko Kulturarteko IX Topaketak,
Topak, antolatu ditu. Gaurtik igandera bitartean, dantza ikuskizunak, kontzertuak, ipuinak, mahainguruak… izango dira. Guztiak hiru ardatzen inguruan antolatu dituzte: immigrazioa, bizikidetza eta aniztasuna. Ekimen gehienak Guardetxean bertan egingo badituzte ere, larunbatean, Urgull utzi, eta Trinitate plazara jaitsiko dira egun osoko egitaraua gauzatzera.
Urtean zehar antolatzen dituzten gainontzeko ekitaldiak bezalaxe, oraingo egitaraua osatzen dutenak ere, elkarketarako eta komunikaziorako gune izatea nahi dute antolatzaileek. Izan ere,
Topaken xedea, donostiarrei immigrazioak ekarritako kultur aberastasuna erakustea da; bizikidetza sustatuz eta harremana erraztuz. Gizarte anitzaren alderdi onak erakusteaz gain, etorkinek gure gizartean dituzten zailtasunak eta arazoak azaleraziko dituzte. Halaber, etorkinen elkarteak ezagutzera eman, eta talde berriak eratu nahi dituztenen arteko harremanak ahalbidetu nahi dituzte.
Lehen urteetako egoitza faltak Parte Zaharreko hainbat txokotara joanarazten zituen; orain, berriz, Guardetxean dute elkargunea. Jardunaldiak ere luzatzen joan dira, hasieran hiru egunetara mugatzen baitzituzten
Topak, baina urteekin, egunak eta egitekoak gehitu zaizkio. Hitzaldiekiko zaletasuna oso handia ez bada ere, Banda Bateko Dinora Mega pozik dago antolatutako ekimenek izan ohi duten harrerarekin, eta topaketak egonkortu egin direla uste du.
Arroza, lokarri
Topaketen azken eguna izan ohi da jendetsuena; kulturarteko azokak eta Munduko arrozak erakustaldiak lagun andana erakartzen baitu Trinitate plazara, goizean zehar. Bertan izango diren elkarteak bi hilabete lehenago elkartu ohi dira eguna ondo prestatzeko. Gehienek urtetik urtera errepikatzen dute, nahiz eta talde berriak gonbidatzen dituzten.
Kolore, zapore, prestatzeko era… anitz ditu kultura guztietako elikagaia den jakiak. Aldaera guzti horiek kontuan izanda, unibertsaltasunaren eta aniztasunaren sinbolo gisa aukeratu zuten antolatzaileek arroza. Jaki honekin egindako hainbat plater ezagutzeko aukera izango da larunbatean; eta salgai jarriko ez badira ere, probatzeko moduan izango dira.
Horrez gain, musikaz beteriko eguna izango da. Parte Zaharreko kaleetan Kantu Jiraren eta M’lompe senegaldarren doinuak nahastuko dira goizean. Arratsaldean, berriz, Juan Mari Beltranen txalaparta, Uruguaiko Brindis por Pierrot murga, Afrika Bibang eta Makumba Beat entzun ahal izango dira. Halaber, hainbat txokotako dantzen erakustaldia ere egingo dute.
EGITARAUA
- Gaur, astelehena. Guardetxean. El tren de las moscas eta Nosotras, centroamericanas ikusgai, 19:30ean. Ondoren, Mundu Bat GKEko Betriz De Lucarekin solasaldia. Hunab-ku Aintzane Revueltaren dantza ikuskizuna, 21:30ean.
- Bihar, asteartea. Mahaingurua. Revueltas en el Norte de Africa y Medio Oriente, Ahmed Anhir. Papel de las mujeres en las revueltas, Laure Rodriguez-Quiroga; eta Consecuencia de las revueltas en la UE, Mikel Mazkiaran. Guardetxean, 19:30ean.
- Ekainak 16, osteguna. Sandina jana, 20:30ean eta Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren Xentimorik gabe, 22:00etan. Guardetxean.
- Ekainak 17, ostirala. Oihanetik basora, Paraguaiko Marco Flecha eta Josemari Carrerek kontatutako ipuin eusko-guaraniak. Guardetxean, 20:00etan.
- Ekainak 18, larunbata.
Kultuarteko azoka, Trinitate plazan, 12:00etatik aurrera. Munduko arrozak herri bazkaria, 14:00etan. Esperanza Latina, Kari Warmi, Sayaryi Bolivia, Dilshad eta euskal dantza, 15:30ean. Juan Mari Beltran, 18:30ean; murga, 20:00etan; Afrika Bibang, 21:30ean eta Makumba Beat, 23:00etan. M’lompe senegaldarren kale jira Parte Zaharreko kaleetan, 13:00etan.
- Ekainak 26a arte Centroamericanas asi somos, asi luchamos argazki erakusketa, Guardetxean, 17:00etatik 20:30era.