Bilduren gobernatzeko zailtasunak agerian geratu direla dio Gascok
Larunbatean hartu zuen Bilduko Juan Karlos Izagirrek hiriko aginte makila. Harrez gero, 96 ordu igaro dira eta Bilduk hiria zuzentzeko izango dituen arazoak agerian geratu direla salatu du Ernesto Gasco PSE-EE udal taldeko bozeramaileak. Hastapenetik «inprobisazioa jaun eta jabe» dela eta sekula izan ez den botore hutsunea dagoela kritikatu du Gascok. Egoera, gainera, are okerragoa izan daitekeela iragarri du, Bilduk bere gobernu taldea aste amaiera partean aurkeztuko duela azaldu baitu.
Donostian gailentzen ari den atzerapena irudikatzeko, Bilborekin –ostiralean egingo dute osoko bilkura– egin du sozialisten presidenteak alderaketa.
PSE-EEko zinegotziek, hala ere, defendatzen duten hiri eredua aurrera ateratzeari ez diote muzin egingo. Proiektu estrategikoak eta herritarren interesa egia bihurtzeko lanean tinko jarraitzeko asmoa dute.
Harremanetarako
Interes hori gertutik ezagutzeko, hain zuzen, herritarrekin hartu-emana estutu nahi du oposizioko talde nagusiak. Honenbestez, 943-481081 eta 943-481715 telefonoak nahiz partido_pse-ee@donostia. org helbide elektronikoak jarri dituzte denen eskura.
Era horretan Bilduk zabaldu dituen hainbat zalantza uxatzeko prest daudela nabarmendu du Gascok. Hala nola, abiadura handiko trena Donostiaraino heltzeko egitasmoa geldiaraztea, erakunde desberdinen babesa duten etxebizitza planak bertan behera uztea, udal talde guztiek onartu edota indarrean dagoen Plan Orokorra alboratzea dira PSE-EEk mahai gainean jarritako kezketako batzuk.
Zinegotzien ardurak
Gai horiek eta agintaldian zehar mahai gainean jarriko diren proposamenak gertutik aztertzeko, PSE-EEko zinegotziek ardurak banatu dituzte: Susana Garcia Chuecak ogasun eta ekonomia gaiak landuko ditu; Enrique Ramosek hirigintza eta etxebizitza arloan murgilduko da eta Denis Itxaso ingurumen, mugikortasun eta azpiegitura kontuetan. Kultura eta euskara gaietan –Donostia 2016, barne– Marisol Garmendia arituko da eta Maravi Dafauce, ongizate eta hezkuntza zereginetan. Azkenik, Miguel Angel Diezek auzo elkarte eta bizilagunekin izango du lotura.
Denek, dena den, egiteko jakina izango dute lau urteotan: gobernuaren pausoak gertutik jarraitzea. Osatuko den «gobernu ahulak» ez duela hiria «atzeratu eta geldiaraziko» jakinarazi du PSE-EEko bozeramaileak.


