Ekainean egin ohi den Kirol Txartela kopurua bikoiztu da
Intxaurrondoko kiroldegi berrira joan eta ohikoa da herritarrak harrera bulegoaren ondoan Kirol Txartela lortzeko esku orriak eskuetan dituztela ikustea. Azpiegitura berriak kirol zaletasuna piztu duela ematen du auzoan eta datuek hala berresten dute.
Ekainak 15 egun ditu eta Donostia Kirolak eskainitako datuen arabera, hilabete honetan zehar 1.040 txartel berri egin dira. Marketin eta Herritar Arretarako zerbitzuko arduradun Mikel Iruretagoienak kalkulatu duenez, horietatik 400 bat izan daitezke intxaurrondotarrek aurkeztutakoak. Ekain arrunt batean 400-500 txartel inguru banatzen dituzte, aurtengoaren erdia.
Ekaineko datuek, era berean, hilabeterik arrakastatsuenen markak gaindi ditzakete. Izan ere, Kirol Txartela gehien egiten diren hilabeteak urtarrila eta iraila dira. Batez beste 1.400-1.500 txartel banatzen dituzte urtarrilean nahiz irailean. Pasa den urtarrilean, esaterako, 1.400 bideratu zituzten.
Aurreikuspenak, honenbestez, gainditu direla zalantzarik ez dute Kirol Patronatuan. Intxaurrondok, gainera, aurretik bazkide ugari zituela adierazi du Iñaki Iruretagoienak. Ekainaren 6tik, kirol azpiegitura zabaldu zutenetik, baina, intxaurrondotarrek ez dute Altza, Bidebieta, Egia ala inguruko beste kiroldegiren batera jo behar sasoi betean egoteko. Arrakasta horren arrazoietako bat ekainaren 10a bitartean dohainik sartzeko eskaini zuten aukera izan da. Ate irekien bost egun horietan kiroldegian gainezka ibili dira. Gerturatutako horietako askok, hurrengo hilabeteetan sartu ahal izateko, txartela egitea erabaki dute.
Aieten, Etxadiko kiroldegi berritua 2009. urteko uztailean ireki zutenean, Kirol Txartelek goraldia nabaritu zuten, halaber. Uztailean 300 txartel inguru bideratzen badira, urte hartan 1.200 izan ziren.